Bizkaiko Abadeen Foroko Komisino Iraunkorraren eskutitz zabala bere Gotzainari Bizkaiko abadeen komunio eta batasunari buruzkoa.
ON MARIO ICETA
Bilboko Gotzaina Bizkaia, 2012ko Abenduaren 10ean
Mario jauna:
Gutun irekia onartutako genero literarioa da, erromatarren epistolografia garaitik jakinerazten dan lez. Beste gutun estiloekin bat dator jazotzaile bat daukala; baina, era berean, eta legitimitate guztiaz, publiko zabalago bati zuzendua dago; batak bestea baliogabetzen ez dabela. Ba, gutun mota honekin zure ezagutzan eta baita beste pertsona batzuen ezagutzan zera jarri nahi dogu:
2010eko Azaroaren 8an Bizkaiko Abadeen Foroa sortu zanean jakinerazi genduan —sorrerako adierazpenean azaltzen dan lez— Foro hori sortzen genduala “bizi dogun egoera honetan gure arteko topaketa, debate, proposamen eta alkarren sostengu lez”.
Bihozkada bat genduan zure etorreraz lurra hartzen joian errestaurazionista olatua indarturik, beste gauza batzuen artean, elizbarrutiko presbiterioaren artean haustura sortuko ebala, eta nahi genduan hori sortzen zanean Foroko kideen sostengua izatea.
Gaur esan behar deutsugu Eliza Katedraleko Dean eta Parrokoak oraintxu egunkarietan eginiko deklarazioetan adierazitakoak, non “borreroak eta hiltzaileak parlamentuan jezarri ahal dirala” sostengatzen daben, alderdikeria kutxuaz eginiko salakuntza dala. Baketzea eta adiskidetzea bultzatu beharrean oztapatu egiten dauana. Gainera iraingarri izan leikena. Gainera suposatu (eta adierazi) egiten dau Giza Pastoraltzako Gotzain Ordezkariaren parte hartzea pertsonal mailakoa izango zala, ez elizbarruti mailakoa. Ostera berak bere gutuna Bilboko Katedraleko Dean eta parroko lez izenpetzen dau. Hau bidegabeko iustaposizinoa litzateke, Elizbarrutiko kupulako “gerra” bat baltiz lez, (ulertua izan dan lez). Eta baieztatzea (egunkarietako titularretan baliaturik, testoa bera kontutan hartu barik, ezta biktimen aldeko Giza Pastoraltzako Gotzain Ordezkariaren ibilbidea) bere jarrera “inteligentziari eta desentziari irain bat dala” onartu ezinezkoa da oso-osoan.
Hemen adierazitako Dean eta Parrokoaren deklarazinoak, eta berak jokatu daben era, oso zailak egiten jakuz katoliko batengan onartzea. Onartezinak abade batengan. Baina, batez ere onartezinak gure elizbarrutiko gotzainaren katedra kokatzen dan eta bere gotzain magisteritza azaltzen dauan eliza zuzentzen dauanarengan.
Gainera gogoratu nahi deutsugu Giza Pastoraltzako Ordezkaria ez dala Foroko kidea, baina bai bada gure elizbarrutiko abadea eta bere ibilbidea ondo be ondo ezagutzen dogu. Jakina bere argi eta ilunekin. Azken honeatarikoa izan ahal da Delegazino honen dinamismo urria (honi buruz Forotik hainbat aldiz agertu gara kritiko). Baina inoiz ere ez bere biktimen aldeko, bakearen eta adiskdietzearen aldeko apostua; eta, askosaz gutxiago bere “inteligentzia” eta bere “onestasuna”.
Horregaitik behartuta sentitzen gara publikoki bere zintzotasun eta hondrautasun ebanjelikoak defendatzera, baita biktimen aldeko bere opzio argia. Nahi izango genduke zuk ere beste horrenbeste egitea eta Katedraleko Dean eta parrokoak adierazitako zalantzak argituko bazenduz. Eta zuk lez, beste abade lagunek ere.
Beti onartuko dogu bakoitzak bere eritxiak, berak nahi dauan moduan azaltzeko daukan eskubidea; baina uste dogu, norbaitek gure elizan ardura instituzional bat daukanean (nahiz eta txikia izan) ezinezko dala beste pastoral ardura bat daukan bat (eta beste katoliko asko) iraintzea (gutxigao oraindikan publikoki). Gainera, injustuak izanez gain guzurrezkoak diran salakuntzez. Argi esanda: Zure eliza-katedraleko Deanak, abade eta Dean moduan behintzat, inoiz igaro behar ez eban marra gorria igaro dau
Ulertuko dozu, adierazpen honeen argira, gure Elizbarrutiko Presbiterioa alkartasunean eta batasunean presiditzea danez zure misinoa, behar diran ebatziak hartu dagizuzala zuri eskatzea, adierazitako adierazpenen larritasuna eta eragina kontutan izanik.
Zure erantzuna ixiltasuna balitz esan nahi deutsugu gure elizbarrutiko presbiterioaren arteko, jadanik makal dagoan alkartasuna eta batasuna arrisku haundian jarriko litzatekela, baita honen eta Gotzainaren artekoa ere. Horregaitik zera eskatzen deutsugu: Jarri dagizula ordena zure hurbileko kolaboratzaileen artean.
Azkenik eskatuko genduke Elizbarrutiko Presbiterio Kontseiluak ondo deritzan denpora bat dedikatuko baleutso Presbiterio barruko batasunari eta komuninoari. (Gai hau, esan beharra dago, Ricardo Blaquez jaunaren hemengo gotzain izatearen azken garaian landua izan zala) Eta kontseilu horretan, batez ere, bertan gaur eguneko Gotzainak daukan betebeharra aztertzea ( eta etorkizunean egokia izango litzatekena) bertako komunio eta batasunaren lehen arduradun eta bermatzaile lez komeniko litzateke.
Gu geure aldetik, Bizkaiko Abadeen Foroko Komisino Iraunkor lez, prest egongo ginateke zuri adierazteko, zeuri ondo jatortzunean, gaur eguneko egoeraren diagnostikoa eta balorapena. Era berezi baten, Elizbarrutiko gotzain laguntzaile izentatu zinduezanetik abade talde gutxiengo bategaz (talde horretako kide da Katedraleko Dean eta parrokoa) mantentzen dozuzan harremanen balorapena. Baita zuk zeuk guri esatea nahi izango zendukena entzuteko ere prest gagoz.
Bizkaiko Abadeen Foroko Komisino Iraunkorra
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.