EUTSI BERRITUZEN ERANTZUNA JOSE IGNACIO MUNILLA GOTZAINAK TELEDONOSTIN ESANDAKOEI
Hau esateak
eta sinesteak baditu lanak: daukagun Gotzainak egia ukatzen du. Oraingoan
jendaurrean egin du, edozeinek ikusi eta entzuteko eran. Teledonostin, aurreko
5ean egin zioten elkarrizketa batean, Gipuzkoako mila bat kristauk sinatutako
idazkiaz mintzatu zen Jose Ignacio Munilla. Apezpiku honek Donostiako
elizbarrutia egoera tamalgarrira daramala salatzen du idazkiak, abandonatuta
eta deseginda utziz, inposaketa medio eta elizbarrutiko erakundeetako eta
kristau elkarteko ahotsak kontuan hartu gabe. Salaketa honen arrazoia
Elizbarrutia sei Artziprestaldetan berregituratzea izan da, 2017ko uztailaren
31ko gotzain dekretuan jasoa.
Jose Ignacio
Munilla Gotzainak publikoki esan du honako hau: “ez da egia erabaki hau
gainerakoen iritzia baztertuz hartu dudala”. Apezpikuaren arabera, “Apaiz
Kontseiluan bozkatua izan zen azkenean” eta “gehiengo oso handiak” babestu
zuen, “aldeko 14 botorekin, ezezko bakarrarekin eta boto zuri batekin”. Jose
Ignacio Munilla Gotzainak ezkutatzen duen lehenengo gauza da, bilerarako
deialdia presaka eta batzorde honek ohikoa duen egutegitik kanpo egina izan
zela eta, ondorioz, bilerara joan zirenen kopurua txikiagoa izan zela.
Bigarren, bileraren hasieran bildu ziren guztiek ez zuten botorik eman. Bileran
Apaiz Batzordeko kide asko berregituraketaren aurka agertu ziren. Bilera
bukaera aldera Gotzainak berregituraketa proposamenaren inguruan bozketa egitea
proposatu zuen nahiz eta quorumik egon ez, Gotzainak berak publiko egindako
datuen arabera; bozketa egin zenerako, bileratik alde eginak ziren zenbait
apaiz kontseilari.
Elizbarrutiko
Pastoral Kontseiluan –gizon-emakume laikoek, erlijioso-erlijiosek eta apaizek
osatutako erakundean- artziprestaldeen berregituraketaren gaiari buruz ez da
formalki galdeketarik egin. Honi buruzko informazioa besterik ez zen eskaini
eta, gainera, axaletik. Halabaina, batzar hartan nabarmen geratu ziren
desadostasunak. Alferrik, ordea: Jose Ignacio Munilla Apezpikuak berriro
entzungor egin zien esandakoei, han ere.