viernes, 8 de agosto de 2014

Bizkaiko abadeak ere, deseroso

Elizbarrutiko Batzar Nagusia egiteko eskatu dio Izeta gotzainari Bizkaiko Abadeen Foroak, gogoetarako zio asko daudela argudiatuta.

Orain 30 urte egin zen lehenengoz biltzarra, Arantza Iraola Berria egunkarian.


Liskar giroa agerikoa da Eliza Katolikoan: etxe barruan. Zinetan. Lehengo astean, Gipuzkoako 96 apaizek gutun bat igorri zioten Jose Ignacio Munilla gotzainari. Hitz gogorrak ditu: «Elizbarrutia zure feudotzat hartua duzula dirudi, eta nahi duzuna nahi duzun eran egiteko ahalmenaren jabe bakarra eta osoa zarela». Halaber, egunotan jakin da Bizkaiko hainbat abadek —Bizkaiko Abadeen Foroko kideak; 50 bat kide dira egun— gutun bat igorria diotela Bilboko apezpiku Mario Izetari. Orain hainbat aste bidalitakoa da, baina egunotan jakin da horren berri. Gipuzkoako apaizen alboan, samurrago mintzo dira Bizkaikoak, baina agerikoa da elizbarrutiko buruzagiek hartua duten norabidearen gaineko egonezina, eta, horregatik, eskakizun jakin bat egin diote testuan gotzainari: Elizbarrutiko Batzar Nagusia antolatzekoa. Orain 30 urte egin zen lehendabiziko aldiz, eta ordutik ez da gehiago elkartu.

Gutuna izenpetu zuten abadeetako bat da Jose Mari Kortazar (1959, Mundaka, Bizkaia). Arratian dihardu egun. Idatzia ageriko egiteko asmorik ez bazuten ere, «filtratu» egin dela eta «denon ahotan» dabilela ikusita, ez du iritzia emateko eragozpenik. Argi du: motibo ugari ikusten dituzte elizbarrutiaren norabidearen gainean gogoeta egiteko eskatzeko: batetik, «gizarteko krisialdia» bera, urteotan bereziki gordindu dena; bestetik, elizbarruti barruko arazo oldea. Kezka aski nabarmena da, esaterako, edadea: abadeena eta eliztarrena. Zahartzen ari dira denak.«Euskal kutsuko» elizari indarra kentzeko ahaleginak ere ikusten dituzte. «Ez dirudi herri txiki euskaldunak lehentasun bat direnik gure elizbarrutian», azaldu du Kortazarrek. «Abade berri elebidun gutxi dago, eta horrelako herri txikietara etortzea ez dago modan», ohartarazi du. Eliztar askoren partetik mesfidantza handia dela dio. «Jende askok dio gure gotzainak Roucoren besoetakoak direla [Antonio Maria Rouco Varela kardinala, Espainiako Apezpiku Batzarreko lehendakaria, pentsamolde itxi eta atzerakoiagatik ezaguna]».

Bakegintzaren arloan ere egungo buruen jarrera ez dutela egoki ikusten dio Kortazarrek. «Lehen, bakearen alde gotzainak busti egiten ziren, arriskatu; orain, isilik daude. Isilik», esan du. Izeta apezpikuaren jardunean, adibidez, gustatu ez zaizkien keinuak ikusi dituztela dio.«Badira detaile batzuk larriak», oroitu du, arranguraz. «Ziortzako bakearen aldeko ibilaldian, esaterako, aurten lehenengo aldiz gotzainak igoerako gogoeta aldatzeko eskatu zuen, bera han egoteko baldintza gisara».

Bizkaiko Abadeen Foroak badu erlazioa Izeta gotzainarekin. «Foroaren batzorde iraunkorra batu izan ohi da harekin; ez sarri, baina egon da bilerarik». Ozpinetik badu, ordea, harremanak, eta keinu eta adierazpen ilun eta zatarrak daude tartean. «Badakigu, esaterako, abade bati bikario izateko baldintza gisara jarri ziola foroa itxi egin behar zuela», adierazi du Kortazarrek. «Berba egiten dugu. Elkar ulertzea, tamalez, ez dugu beti lortzen».

1984ko bidearen gomuta

Arazo horiei guztiei aurre egiteko «ausart eta irudimentsu» jokatzea ezinbestekoa iruditzen zaiela adierazi diote abadeek gotzainari gutunean, eta asmo horrekin proposatu diote elizbarruti osoari hitza emango dion biltzar handi bat egitea. Arnas berria izango litzatekeela iruditzen zaie. Hain justu, tankera horretako biltzar bakar bat egin da orain arte Bizkaian: 1984-1987 artean. Aski garrantzitsua izan zen. «Vatikanoko II. Kontzilioaren Bizkairatze bat izan zela esan dezakegu», gogora ekarri du Kortazarrek. «Gotzainak eta bikarioek, parrokiaz parrokia, lurralde osoa bisitatu, jendea animatu, batzarraren nondik norakoa azaldu eta bultzatu zuten. Gaur egun Bizkaiko parrokietan dabiltzan boluntario asko eta asko mugimendu hartatik irtendakoak dira». Halako prozesu handi bat abiatzeak «arriskuak» izan ditzakeela ez dute ukatu abadeek gutunean. «Baina onartu egin behar dira, eskatzen den gogoeta zehatzagoa eta emankorragoa izan dadin».

Bizkai eta Gipuzkoako abadeek ez dute nahita bat egin beren zalantzak ageriko egiteko, baina bat datoz kezka askotan. Ñabardura egin du Kortazarrek: oso testu «diferenteak» direla dio. «Bizkaikoa gotzainari eta haren bikarioei emateko zen, Gipuzkoakoak gutun zabala izateko bokazioa izan du. Talde autonomoak gara, ez paraleloak», zehaztu du. «Paraleloek, aurrera egin eta egin, eta ez dute inoiz bat egiten. Guk puntu batzuetan eta une batzuetan bat egiten dugu».

Gipuzkoako abadeekin nola, Iparraldeko kristau taldeekin ere harremanak dituztela onartu du Kortazarrek. Baionan, Donostian eta Bilbon; hiru elizbarrutietan jarri dituzte urteotan katolizismoaren korronte atzerakoienekin lotutako gotzainak —Marc Aillet, Jose Ignacio Munilla eta Mario Izeta—, eta ezinegona eragin du horrek sektore askotan. «Egia da historia bat konpartitzen dugula eta etorkizun antzeko baten alde egin gura dugula».

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.