Joxe Arregi. "Zer perfekzino behar dau mundu honek, ezpada erruki gozoa inperfektua dan guztiaganako eta zauritua dan guztiaganako?", idazten dau Joxe Arregik Deian. Gogoeta bat da Aste Santuaren inguruan.
Zu zaitut gogoan, anai-arreba zauritua. Eta zu, behar bako aita edo ama, bere buruaz beste egiteko puntuan dagoana; eta zu, behar bako eta etorkizun bako gaztea (etorkizun bako gaztea: a zer mundu eta berbeta errakuntza!). Eta gogoan zaitut zu, haragian eta ariman bortxatua eta mutilatua izan dan neskea; eta zu, irribarrea ja galduta abandonatua izan dan edadekoa. Gogoan zaituet zuek be, maitasun guztiak traizionatuak ikusi dozuezanak. Eta gogoan zaitut zu, ume soldadu gizajoa, bi bider gizajoa; eta zuek be bai, jente gosetua, agintari handiek egunero asesinatzen dabena kontzientzia txarraren errastu barik, inork barkamena eskatu barik eta inork erreparazinoa exijitu barik. Itxidazue zuen malko guztiei mosu emoten, ze lur zauritu honen muin sagraduena dira.
Zu zaitut gogoan, Nazareteko Jesus, Anaia Zauritua. Itxiguzu gaur alkartzen Jerusalemengo jendetza nahastu horregaz, zu goratzen dabilena olibondo edo erramu abarrakaz, zu goratzen euren ahots urratuakaz edo euren isiltasun biluziagaz, zu goratzen euren amorru eutsiagaz edo euren esperantza zalantzatsuagaz. Hareek euren zauri guztiakaz, eta gu danok geure zauriakaz. Zu, orduan, gaztea eta indartsua zinan, Jesus. Samurra eta ausarta zinan. Zeure gorputzean eta zeure ariman astindurik bakoa antzemoten zenduan, baina zauri guztiak egiten zenduzan zeure. Parabolako samaritar on haren modukoa zinan, ze tenpluko abade eta lebitarrak, parabola hagaz iraindu zenduzanak, eta eskriba asko, zuk probokatu zenduzanak, zuri ordea emon guran ebizan.
Zure begiak. Zure begiak oso hurretik begituta eukien guztia: euren lurretatik kanporatutako baserritarren desesperazinoa, Galileako lagu oparoko arrantzaleen miseria, jornalarien etsipena herrixketako plazetan itxaroten, andren umillazinoa, umeen negarra (zer tsunamia ume baten negarra!), zergen diktadurea, ordaindu ezin diran zorren kargea, leprosoen atsekabea danetik kanpo, gaixoen mina bide bazterretan. Eta prefektu erromatarraren nagusikeria, Abade Buruaren harrokeria iluna, lurjabeen diru-gosea, soldaduen abusuak. Eta ontasun bako justuen gogortasun errukibakoa. Eta animalien odol isuria eta tenplua sostengatzen eben pobreei ostutako dirua. Halakoa zan zu bizi zinen mundu ha, gure mundu honen hain antzekoa, eta zure begiek dana ikusi eben, baita soloen edertasuna be, txorien hegazkadea be eta begien diztirea be.
Zure bihotza. Zure bihotz sentikor eta indartsua, zure bihotz taupakaria. Poza egoan lekuan, poztu egiten zinan. Sufrimentua egoan lekuan, sufridu egiten zenduan baina etsipen barik. Ez zeuntsan inori bizkarrik emon, ez zenduan inoz itzulinguru bat egin bideko zaurituagaz ez topetako. Errukia izan zeuntsan jende gosetuari, Jerikoko itsuari, leproso lohiari. Eskerrik asko, Jesus, hareen izenean eta geure izenean! Ez zaitut imajinetan gizon perfektu modura, baina errukitsua zinan. Eta ez zenduan inoiz bildurrik izan leprosoek eta pekatariek zu kutsatzeko, behabada perfektua ez zinalako. Baina zer perfekzino behar dau mundu honek, ezpada erruki gozoa inperfektua dan guztiaganako eta zauritua dan guztiaganako? Eskerrik asko, Jesus, izan zinan lakoa izan zinalako!
Zure ezpanak. Zure ezpanak profeta batenak ziran, zure begiek ez eben isildu euren argiak ikusten eban ezer, ez eben isildu bihotzaren errukiak agintzen eban ezer. Zure berbak argiz eta suz eginda egozan, zure begien moduan, baina baita errukiz eta kontsolamenduz eginda be, zure bihotz ona legez. Zure berbek probokatu egiten eben, baina inoiz ez eben kondenetan. Kontsolatu egiten eben nahigabetua eta transformatu egiten ebezan guztiak. "Arimak zulatzen dituen argia eta kontsuelorik handienaren iturria"; hori da Betierekoaren Espiritua; hori izan zinan zu, eta gu geu be, benetakoak garenean, horixe gara. Eskerrik asko, Jesus, zeure haragi zauritu eta zoriontsu horretan errebelatu zinalako!
Egun baten esan zenduan: "Ezer ez da lohia Jaungoikoaren kreazinoan: ez gorputzak, ez janariak, ez jenteak", eta garbitasunaren zaintzaileek bekokia tximurtu eben. Beste egun baten esan zenduan: "Zapatua, hau da, Jaungoikoaren Lege guztia, bizitzarako dago eginda, ez bizitzea Legerako", eta alarmak biztu ziran. Beste baten, Galileako muino berde baten ganean, baserritar errentadoreak, jornalariak eta arrantzale errukarriak inguruan zenduzala, esan zenduan: "Zorionekoak zuek pobreok, laster ez zarielako pobre izango. Zorionekoak zuek negarrez zagozenok, laster jai egingo dozuelako. Zorionekoak zuek otzanok eta baketsuok, Jaungoikoaren seme-alabak zarielako, eta otzantasuna eta bakea indartsuagoak dira biolentzia eta armen indarra baino". Entzun ebenean hori Pilato prokuradore erromatarrak eta Herodes Antipas erregu judu basailuak, kezkatu egin ziran.
Baina zuk bildur barik segidu zenduan. Udabarriko lehenengo iretargia hazten joiala, zure dizipuluakaz batera Jerusalemera joan zinan Pazkua ospatzen, Sanedrina konbertitzen edo probokatzen, "Jaungoikoaren erreinua" iragarten edo aurreratzen. Orduan, zure jarraitzaile batzuek palmondo-abarrak hartu ebezan eskuetan eta goratu egin zinduezan. Pretorioko guardiak eta tenpluko abadeak artegatu egiten ziran barriro. 35 urte inguru zenduzan orduan, eta profeten fede eta askatasun guztia, eta Betierekoaren su eta inspirazino guztia. Eta joan zinan tenplura, askatu zenduzan animalia errukarriak, irauli zenduzan zergaren ordainketarako dirua aldatzeko egozan mahaiak, eta esan zenduan: "Bota eizue tenplu hau! Jaungoikoak ez dau gura tenplurik. Jaungoikoak ez dau gura zergarik, ez sakrifiziorik, ez abaderik, ez dogmarik. Jaungoikoak askatasuna eta ontasuna gura dau bakarrik. Bota egin behar da tenplu hau!" Hantxe bertan atxilotu zinduezan. Eta atzean etorri zana ikaragarria izan zan zuretzat. Lurreko madarikatu guztien suertea sufridu behar izan zenduan.
Baina guk bedeinkatu egiten zaitugu, Jesus. Gure Anaia Zauritua zara, eta emozinoz eta esker onez gogoratzen zaitugu egunero. Eta umiltasunez, ze zein urrun gagozan zugandik! Baina, nahiz eta urrunetik izan, urrunagotik Pedrok berak baino, zeinek abandonatu egin baizinduzan egun ikaragarri hartan, eta askoz urrunagotik Magdalako Mariak eta Kalbarioraino segidu eutsuen beste andra batzuek baino, guk be jarraitu egin gura deutsugu. Erramu Domeka honetan, Aste Santu honetan, zein ez dan beste asteak baino santuago, itxiguzu umiltasunez alkartzen jente xume haregaz, zeinak, ez dakigu esperantzaz beterik edo desesperazinoz, goratu zinduzan Jerusalemeko kaleetan, jakin barik hain arin eta hain gazte frakasatuko zenduala. Itxiguzu zure bizitza ospatzen, zure zauriak begitzen, ea zure memoriak konbertitzen gaituen ontasunera eta esperantzara.
Zu ez zinan etorri jaungoiko odolzale batek bialduta, gure erruak zure odolarekin garbitzeko. Zu etorri zinan osakuntzearen, onerakuntzearen denbora barria iragartera munduko izaki zauritu guztientzat, euren artean guretzat. Denbora horri zuk "Jaungoikoaren erreinua" deitzen zeuntsan. Baina mundu honetako erregeek, eta hareekaz alkartutako agintari erlijiosoek, ez eutsuen itxi; atxilotu egin zinduezan, epaitu egin zinduezan, kondenatu egin zinduezan, torturatu egin zinduezan, kruzifikatu egin zinduezan. Baina zure gorputz zauritua begitzeak, Jesus, osatu egiten gaitu, salbatu egiten gaitu. Ez gaitu salbetan zure kurutzeak (madarikatuak izan beitez kurutze guztiak!), ezpada Jaungoikoagan jarri dogun fedeak, zure askatasunak, zure solidaritate arriskutsuak. Ez gaitue osatzen zure zauriek, ezpada zure bizitza zoriontsu eta eskuzabalak, hain eskuzabal eta zoriontsua eze gura izan zenduan zauritu guztiak osatu, nahiz eta hareek zuri heriotzarainoko zauriak eragin ahal izan, egin eutsuen lez. Ez gaitu salbetan zure heriotzeak, ezpada zure bizitzeak, hondoratu eta Betiereko Errukian erne zanak, lurrean hondoratu eta han ernetan dan arto-garau bat lez, arbola-hazi bat lez.
Jesus, Anaia Zauritua, hazten doa ja udabarriko lehenengo iretargia. Erramua loran dago ja. Olibak hazten dagoz ja iretargi nimiño modura olibondoaren gauean, gero ukendu bihurtzeko zaurian, baltsamo bihurtzeko hilobian, usain gozo bihurtzeko Pazkuan.
Euskeratzailea: Jesus Mari Agirre
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.