Aspalditik bagabiltza euskal gatazkari
buruzko egiazko errelatua idazteko premiaz –noiztik baina? noiz hasi zen euskal
gatazka? bukatu ete da?-. Egiazko errelatua idaztea beharrezkoa izan arren,
aitortu behar dugu oso zaila zaigula. Alde batetik, gehien sufritu dutenek idatzi
beharko dutelako, haiek baitira argi handiagoa dutenak euskal gatazkaz berba
egiterako orduan: nortzuk baina?; eta bestetik, gaitza da, gaur egun, euskal
gatazkari buruz egiazko errelatu osoa idaztea, urte horietan bizi garenok, aldez
edo moldez, inplikatuegi (dena da erlatiboa) gaudelako euskal gatazkaz ikuspegi zabal eta sakona burutzeko.
Tirabira horretan, zer dagokigu gure
belaunaldikoei? Bada gauza bat, gutxienez, bai: datuak biltzea, sufrimenduen nondik
norakoak eta nolakoak izan ziren azaltzea. Horretan ez dago oker posiblerik. Ahalik
eta gehien eta hurbilenetik sufritu dutenengandik datuak biltzea ezinbestekoa zaigu,
egun batean, egiazko errelatua idatzi nahi badugu. Ez dakizkigula gero ‘listoak’
etorri, beraien hoztasun eta neutraltasunetik, euskal gatazkako nondik norakoak
azaltzera. Sufritu dutenak dira hitza gorde eta transmititu behar digutenak,
ahal delarik, tilderik ere galtzen utzi gabe.
Kontestu horretan ulertu behar dugu gaur
aurkezten dugun liburua: Apaizak ere
torturatuak. Gero eta erlijio zein federik gabekoago bilakatzen ari den
gizartean, arrisku handia zaigu euskal apaizek euskal gatazkan izan zuten
eraginaz ahaztea. Eta apaizek, batzuren batzuk bederen, konpromiso sendoa izan zuten
euskal gatazkarekin, eta hori zela eta, zenbaitzuk espetxeratu eta torturatuak
izan ziren, bai eta, beste ez gutxiren batzuk ere, salatuak, erasotuak eta
erbesteratuak ere… eta, hala eta guztiz, ez zuten atzerako pasorik eman.
Batzuren batzuk apaizgoa utzi zuten, Euskal Herriarekiko konpromisoa, haatik,
ez.
Euskal gatazko errelatua desitxuratzeko
asmoz, batzuren batzuk errepikatzen ari izan zaizkigu ETAk ez zuela euskal
apaizik inoiz hilarazi. ETAk ez, baina
euskal apaizen kuota gaindituta zuten erreketeek euskal gatazkaren 36-39
bitarte odoltsu hartan. Egia da ETAk ez zuela apaizik hilarazi, baina berori
bezain egiazkoa da (eta hori ez ohi duten esaten aurrekoa azpimarratzen
dutenek), Espainiako Gobernuak euskal apaizak torturatu egin zituela, nahita
eta amorruz, ia heriotzaraino zenbait kasutan, baita bidegabeki salatu eta bortizki
erasotu ere. Eta euskal gatazkari buruz errelatua ahalik eta osoena egin nahi
badugu… datu horiek ez ditugu ezkutatu behar… azaldu eta zabaldu baizik. Hori
dela eta, eskerrik asko, gaur egunean zuen lekukotza azaltzen diguzuen hogei apaiz
edo erlijiosoei.
Lekukotza guztiak euskaraz agertzen dira
liburu honetan eta ia guztiak euskaraz idatziak izan dira. Horrek erakusten
digu euskara ez dela, askotan errepikatzen digutenez, fenomeno kultural hutsa,
errealitate politikoa ere badela, toruturako erreferentzia espezifiko bat. Eta
hori ez dugu ahaztu behar euskal errelatuan.
Eta ez naiz luzatzen, ez baitagokit niri aurrean dituzuen apaiz tortutaru bioi
protagonismorik kentzea. Alde honetan, Martin Orbe, Bizkaiko Elizbarrutiko
apaiza, Bertol Brechetek ezinbestekotzat jotzen zituen gizonetako bat: “Egun batez borrokatu egiten duten gizonak
egon badaude eta onak dira. Badaude urte batez borrokatu egiten dutenak, eta
hobeak dira. Badaude urte askoz borrokatzen egiten dutenak ere bai eta oso onak
dira. Baina egon badaude bizitza osoan borrokatu egiten dutenak… eta horiek-
Martin, zuek- ezinbestekoak zaizkigute”. Beste aldean, Tasio Erkizia euskal
gatazkaren abangoardiari inoiz uko ez dion agustindar-ohia. Itxuraz mehe,
egitez sendo. Eta erdian Julia Monje, liburua argitaratu duen Intxorta 1937
kultur elkartearen ordezkaria. Hiru horiek presente daudelarik, niri isilean
geratzea tokatzen zait. Beraiena da, beraz, hitza.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.