Iturria: naziogintza.eus
2025-08-24
Aniztasunaren definizioa.
Gure gizartean gero eta gehiago erabiltzen den kontzeptua da “aniztasuna”. Baina, zer da “aniztasuna”? Bada, hitzaren definizio zehatz bat ez dagoenez, hitzaren esangura atzemateko haren erabileraren atzean agertzen edo sumatzen diren asmoak eta jarrerak, eskuarki politikoak, aztertuko ditugu. Lehenik eta behin argitu behar da hitzaren erabilera bihurria dela eta, gure Herrian, interes politikoak bultzatua dela, orokorrean. Ez da lotzen, ezinbestez, kontzeptu horrek izan ditzakeen konnotazio positiboekin, hots, eskuzabaltasuna, espiritu irekitasuna, onberatasuna, aberastasun intelektuala…; erabilera bihurri horrek euskaldunok kaltetzea bilatzen du.
Guretzat, erabiltzen den testuinguruarengatik eta moduagatik, ematen zaion esanahiagatik eta izaten dituen ondorio kultural eta sozialengatik, aniztasuna kontzeptu politikoa da. Testuinguruari dagokionez, guk landu eta salatu nahi dugun “aniztasuna” egoera kolonialetan erabiltzen den printzipio edo tresna politikoa da, estatu normalizatu batean apenas erabiltzen dena. Moduari dagokionez, kontzeptuaren erabilera maltzurra da; izan ere, kanpoko kultura eta bertakoa parekatzeko aitzakia besterik ez delako “aniztasuna”, egoera natural batean berez inon gertatzen ez dena. Ondorioei dagokienez, gure kasuan, euskal kultura gutxitzea dakar kontzeptuaren erabilera horrek; are gehiago, maltzurki, diskurtso ofizialetan eta “ortodoxoetan” aniztasunari ematen zaion esanahiak euskaldunok kaltetzea bilatzen du sarritan; arrazismoarekin kontrajartzen da maiz, gure hizkuntza eta kultura defendatzen dugunok errudun bihurtu nahian, bihozgabekoak, intoleranteak eta moralik gabekoak izango bagina bezala. Horren aurrean zera diogu: gai politikoa denez, “aniztasun ofizialaren” alde dagoena ez da “aniztasun ofizialaren” kontra dagoena baino bihotz gabekoagoa edo maila moral altuagokoa edo baxuagokoa. Esan bezala, “aniztasun” kontzeptua testuinguru kolonialetan erabiltzen da, baina zertarako? Bada, gurean kasu, espainiar/frantziar politika kolonialen gehiegikerietatik populazioaren arreta edo begirada desbideratzeko, euskararen kontrako oldarraldi sindikal-politiko-judizialak eta, orokorrean, kolonizazioaren ankerkeriak haien balizko jarrera moralekin justifikatzeko, abertzaleon diskurtsoa neutralizatzeko eta konplexuz betetako euskal kolonizatuen burua are gehiago lotsarazteko. Alta, guk ere hizkuntza‑ eta kultura‑aniztasuna defendatzen ditugu, baina, beherago azalduko dugun moduan, beste modu batean.
Kolonizatzaileen eta kolonizatuen hizkuntza‑aniztasuna
Aniztasuna berdina al da munduko testuinguru sozial eta politiko guztietan? Berdina al da Tibeten eta Pekinen? Munduan berdin ulertzen al dute aniztasuna okupazio indarrek eta kolonizatutako herriek? Gurera etorriz, Euskal Herrian indar hegemonikoek, kanpokoek eta bertakoek, “erabaki” dute, aniztasunaren izenean, espainiera euskara bezain bertakoa dela, adibidez. Euskaldunoi galdetu al digute zein den gure iritzia gai horri buruz? Eta baldin eta hizkuntza biak berdinak balira, biak bertakoak, ez al litzateke islatu behar berdintasun hori legeetan eta praktika administratibo, sindikal, politiko eta judizialetan? Espainiako konstituzioan derrigorrezkoa jarri dute espainiera, 3. artikulua, eta, hala, espainierak mota guztietako babesak ditu, estatuaren hizkuntza ofizial gisa. Beste muturrean euskara dago, “ofizialkidea edo koofiziala” omen dena, praktikan ezer gutxi balio duen ofizialkidetasuna edo koofizialtasuna duena. Izan ere, ofizialkidetasun horrek ez du balio euskararen kontrako erasoak gelditzeko, etenik gabe eta egunero arlo guztietan gertatzen diren erasoak. Beraz, aniztasun hitza etnozidioa zuritzeko tresna kontzeptuala besterik ez da. Hasieran hizkuntza guztiak bertakoak direla esan dute eta, segidan, hizkuntza eta kulturen arteko asimetriak, hierarkiak eta kategoriak ezarri dituzte: gailurrean espainiar/frantziar hizkuntzak eta kulturak dira, azpian, oso azpian, burua ateratzen saiatzen diren euskara eta euskal kultura.
Immigrazioarekiko aniztasuna
Bertako langile- eta klase-ertainen soldatak apaltzeko eta euskal oligarken diru-gose neurrigabekoa asetzeko, Euskal Herrian immigrazio-uholdeak ditugu aspalditik, ustez “gure” ekonomia hobetzeko omen direnak. Uholde horiek, aurreko mendeetan gertatu zen bezala, berez dagoeneko zaila den euskaren eta euskal kulturaren egoera are gehiago zailtzen dute, nahiz eta egoera zailtzen duten eragile bakarrak ez izan. Fenomeno hori mundu osoan gertatzen da, baina ez da gauza bera immigrazio‑fenomenoa bere buruaren jabe den estatu batean edo kolonia batean, immigrazio-uholde horiek arautzeko eta kudeatzeko ez tresna administratiborik ez eta baliabiderik ere ez daukan kolonia batean. Are gehiago, immigrazio‑uholde horien kudeaketa oso zaila da atzean, helburu ekonomikoez gain, batez ere helburu kultural eta politiko-kolonialak daudelako.
Euskal Herrian betidanik egon da nolabaiteko mesianismo edo misiolari‑sena. Bada, hori, immigrazioaren tratamenduan ere ikusten dugu; nahiko normala da gure artean esatea immigranteen hizkuntza eta kulturak geurean ere txertatu behar ditugula. Donostian soziolinguistikako mintegi batean entzun genuen hau: “Immigranteen hizkuntzak eta kulturak gure ikastetxeetan ere irakatsi behar dira, gu bezain bertako herritarrak direlako”. Non ikusi dute horiek immigrazioaren kultura eta bertakoa maila berean jarri behar direnik? Non dago horren adibidea munduan? Inon ez. Bada, gu ez gaude konforme aniztasun‑kontzeptuaren erabilera horrekin, eta horren atzean gure kultura eta hizkuntza suntsitzeko asmo maltzurra dagoela salatu nahi dugu.
Aniztasuna eta kultura hegemonikoa
Aniztasun‑printzipio politikoa berdin interpretatu behar al da estatu indartsu eta independente baten testuinguru sozial eta politikoan eta kolonizatuta dagoen eta bizirik irauteko eginahalak eta bi egiten dituen herri edota nazio txiki batean? Berdin interpretatu behar al da Pekinen eta Tibeten? Kurdistanen eta Ankaran? Saharan eta Marokon? Katalunian edo Euskal Herrian eta Espainian? Berriro diogu, berdin balioztatu behar al ditugu aniztasun‑kontzeptua bere identitateari eusten saiatzen den kolonia baten kasuan eta kolonia hori menpean mantentzeko eta deuseztatzeko saiatzen den indar kolonialaren kasuan? Balio moral bera al daukate kolonizazioa zuritu eta sostengatzen dutenek eta egoera asimetriko horri nola edo hala aurka egiten dioten pertsonek? Espainiar/frantziar batek berdin pentsatuko al luke ustez bereak diren lurretan armada eta kultura errusiarrak, alemaniarrak edo beste edonongoak, beren hizkuntza eta kultura indarkeriaz ezarriko balituzte, derrigorrez? Ez, seguru ezetz. Beraz, guk aniztasun printzipioaren erabilera maltzurra ez dugu onartzen, gezurrezkoa iruditzen zaigu. Munduan ez dago gizarte eleaniztunik ez eta kultura anitzekorik ere. Hainbat hizkuntza dituzten estatuetan, Suitza kasu, ez dago hizkuntza aniztasunik, Suitza eratzen duten eskualde guztiak elebakarrak baitira. Eta aniztasunaren balio moralari dagokionez, berriz ere diogu, ezin dugu onartu balio moral gisa, kolonizatuen kontra erabiltzen den tresna politikoa delako.
Zein da guk defendatzen dugun kultura-aniztasuna?
Gu mundu mailako aniztasunaren alde gaude: horrek esan nahi du globalizazio basatiaren aurrean tokian tokiko hizkuntzak eta kulturak defendatu behar direla irmo sinesten dugula. Galesera joaten garenean, adibidez, galesa entzun nahi dugu kalean. Baita galiziera Galizian edo maoriera Zeelanda Berrian. Hizkuntza eta kultura bakarra (ingelesa eta kultura anglosaxoia, hurrenez hurren) orokortu nahi duen globalizazioaren aurrean, mundu mailako aniztasuna defendatzen dugu guk.
Era berean, tokian tokiko hizkuntza gutxituen aldeko jarrera argia hartzen dugu. Gure hizkuntzak (eta bere hiztunek) mende luzeetan pairatu duen/duten zapalkuntzak munduko hizkuntza gutxituen aldeko borroka begirunez ikustera garamatza, nazio zapalduen arteko elkartasuna inon idatzita ez dagoen baina berez sortzen den joera naturala baita.
Joera horrek azaltzen du, esaterako, zergatik nahi dugun hizkuntza eta kultura berberea edo amaziga Marokon errespetatua izatea. Baina horrek ez du esan nahi Euskal Herrira etortzen den berbereak gure nazio gutxituan eskubidea duenik bere Herrian bezala bizitzeko. Berberea edo amaziga Marokon defendatu behar da, ez Euskal Herrian. Euskaldunok arazo latzak ditugunean gure Herrian gure hizkuntzan bizi ahal izateko, suizida izango litzateke gure hizkuntzaz gain hona etorri diren pertsona guztien hizkuntzak maila berean ipiniko bagenitu, onkeriaren aldeko diskurtso zozoak iradokitzen duenez. Gure ustez, Euskal Herrian euskarak izan behar du aniztasun guztien topagunea.
Beraz, kultura-aniztasuna goraipatzen denean bi plano desberdinetatik egin daiteke: alde batetik, mundu mailako kultura-aniztasuna laudatu, globalizazio anglo-saxoiaren aurrean munduko kultura guztiak defendatzen direnean, tokian tokikoak eta mehatxupean daudenak; maila horretan, kultura-aniztasunaren aldeko aldarria guztiz positiboa da, beharrezkoa. Bestelakoa da Euskal Herriko hainbat taldetan sumatzen den jarrera: hona etorri diren guztien kulturak goraipatzen dituena eta kultura horiek Euskal Herrian txertatu nahi dituenarena, gure hizkuntza eta kultura propioak zapalduta eta mehatxupean daudela ahaztuta. Plano horretan kultura-aniztasunaren gorazarreak gure berezko kultura eta hizkuntza are gehiago ahultzen ditu, sarritan esan dugunez euskaldunok gure Herrian azpimultzo tristea izatera kondenatzen gaituelako. Plano horretako joera hori ez dugu partekatzen.
Horrenbestez, benetako kultura-aniztasunaren defentsa, sustatu behar duguna, tokian tokiko hizkuntzak eta kulturak jatorrizko Herrietan defendatzean datza. Arabieraz mintzatzea herrialde arabiarretan, errumanieraz Errumanian, amazigeraz Marokon edo Aljerian, kitxuaz Perun edo Bolivian…., eta Euskal Herrian euskaraz. Izan ere, euskaldun bezala munduko kultura-aniztasunari egin diezaiokegun ekarpenik handiena Euskal Herri euskalduna izatea da, ez besterik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.