Mostrando entradas con la etiqueta liburuak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta liburuak. Mostrar todas las entradas

jueves, 5 de octubre de 2017

Apaizak ere torturatuak

Por Sebas Gartzia Trujillo



Aspalditik bagabiltza euskal gatazkari buruzko egiazko errelatua idazteko premiaz –noiztik baina? noiz hasi zen euskal gatazka? bukatu ete da?-. Egiazko errelatua idaztea beharrezkoa izan arren, aitortu behar dugu oso zaila zaigula. Alde batetik, gehien sufritu dutenek idatzi beharko dutelako, haiek baitira argi handiagoa dutenak euskal gatazkaz berba egiterako orduan: nortzuk baina?; eta bestetik, gaitza da, gaur egun, euskal gatazkari buruz egiazko errelatu osoa idaztea, urte horietan bizi garenok, aldez edo moldez, inplikatuegi (dena da erlatiboa) gaudelako  euskal gatazkaz ikuspegi zabal eta sakona burutzeko.

Tirabira horretan, zer dagokigu gure belaunaldikoei? Bada gauza bat, gutxienez, bai: datuak biltzea, sufrimenduen nondik norakoak eta nolakoak izan ziren azaltzea. Horretan ez dago oker posiblerik. Ahalik eta gehien eta hurbilenetik sufritu dutenengandik datuak biltzea ezinbestekoa zaigu, egun batean, egiazko errelatua idatzi nahi badugu. Ez dakizkigula gero ‘listoak’ etorri, beraien hoztasun eta neutraltasunetik, euskal gatazkako nondik norakoak azaltzera. Sufritu dutenak dira hitza gorde eta transmititu behar digutenak, ahal delarik, tilderik ere galtzen utzi gabe.

Kontestu horretan ulertu behar dugu gaur aurkezten dugun liburua: Apaizak ere torturatuak. Gero eta erlijio zein federik gabekoago bilakatzen ari den gizartean, arrisku handia zaigu euskal apaizek euskal gatazkan izan zuten eraginaz ahaztea. Eta apaizek, batzuren batzuk bederen, konpromiso sendoa izan zuten euskal gatazkarekin, eta hori zela eta, zenbaitzuk espetxeratu eta torturatuak izan ziren, bai eta, beste ez gutxiren batzuk ere, salatuak, erasotuak eta erbesteratuak ere… eta, hala eta guztiz, ez zuten atzerako pasorik eman. Batzuren batzuk apaizgoa utzi zuten, Euskal Herriarekiko konpromisoa, haatik, ez.

Euskal gatazko errelatua desitxuratzeko asmoz, batzuren batzuk errepikatzen ari izan zaizkigu ETAk ez zuela euskal apaizik inoiz hilarazi. ETAk ez,  baina euskal apaizen kuota gaindituta zuten erreketeek euskal gatazkaren 36-39 bitarte odoltsu hartan. Egia da ETAk ez zuela apaizik hilarazi, baina berori bezain egiazkoa da (eta hori ez ohi duten esaten aurrekoa azpimarratzen dutenek), Espainiako Gobernuak euskal apaizak torturatu egin zituela, nahita eta amorruz, ia heriotzaraino zenbait kasutan, baita bidegabeki salatu eta bortizki erasotu ere. Eta euskal gatazkari buruz errelatua ahalik eta osoena egin nahi badugu… datu horiek ez ditugu ezkutatu behar… azaldu eta zabaldu baizik. Hori dela eta, eskerrik asko, gaur egunean zuen lekukotza azaltzen diguzuen hogei apaiz edo erlijiosoei.

Lekukotza guztiak euskaraz agertzen dira liburu honetan eta ia guztiak euskaraz idatziak izan dira. Horrek erakusten digu euskara ez dela, askotan errepikatzen digutenez, fenomeno kultural hutsa, errealitate politikoa ere badela, toruturako erreferentzia espezifiko bat. Eta hori ez dugu ahaztu behar euskal errelatuan.

Eta ez naiz luzatzen, ez baitagokit niri  aurrean dituzuen apaiz tortutaru bioi protagonismorik kentzea. Alde honetan, Martin Orbe, Bizkaiko Elizbarrutiko apaiza, Bertol Brechetek ezinbestekotzat jotzen zituen gizonetako bat: “Egun batez borrokatu egiten duten gizonak egon badaude eta onak dira. Badaude urte batez borrokatu egiten dutenak, eta hobeak dira. Badaude urte askoz borrokatzen egiten dutenak ere bai eta oso onak dira. Baina egon badaude bizitza osoan borrokatu egiten dutenak… eta horiek- Martin, zuek- ezinbestekoak zaizkigute”. Beste aldean, Tasio Erkizia euskal gatazkaren abangoardiari inoiz uko ez dion agustindar-ohia. Itxuraz mehe, egitez sendo. Eta erdian Julia Monje, liburua argitaratu duen Intxorta 1937 kultur elkartearen ordezkaria. Hiru horiek presente daudelarik, niri isilean geratzea tokatzen zait. Beraiena da, beraz, hitza.

martes, 22 de noviembre de 2016

Hamaika euskal literato eta Jainkoa: Sebastián Gartzia Trujillo



Hamaika euskal idazle, bi aroren mugan, biziari, denari, badenari eta ez denari, «Jainkoari» eta Jainkoari buruz galdezka. Zaude ziur, bide erraz eta atseginagoetatik eramango zaitu Sebas Gartzia Trujillok, pausorik pauso, bihurgunerik bihurgune, hamaika idazle eta askoz gehiagoren albiste jakingarriak hemen, bizitzako pasadizo bitxiak hor, bizi-poz eta zauriak hunkigarri noiznahi, aipamen ongi hautatuak argigarri nonahi.

Asko ikasiko duzu idazleez, euren eta gure garaiaz, orduko eta gaurko teologiaz, denaz, testu nahiz ohar erruz hornituetan. Eta zer pentsa franko emango dizu «huntaz eta hartaz», biziaz eta heriotzaz, literaturaz eta teologiaz, erlijioaren iraganaz eta presenteaz, sinesmenaz eta sinesgabeziaz, gizarteaz eta elizaz, «Jainkoaz» eta Jainkoaz. Sentsibilitate sozial, espiritual eta teologiko fin freskagarria agertzen du egileak. Gizatasuna. Jakinduria.

Jainkoa ez da galdera guztien erantzuna, erantzun guztien galdera baizik eta galdera guztien ikur. Ez da hutsarte guztien betegarri, forma guztien hustasun baizik, eta hots guztien baitako isiltasun garden. «Hutsaren mami» (J.M. Lekuona). Hats, Hitz, Hots, Huts. On kreatzaile huts.

Joxe Arregi
Teologian doktorea
Deustuko Unibertsitateko irakaslea

Euskal Literatura Saila; 15
Materia: Literatura vasca; Religión
Páginas: 896
Fecha de edición: 2016
ISBN/ISSN: 978-84-9082-451-1
Idioma: Euskara
Tipo de edición: Rústica

Precio c/IVA:
35,00 €