Por José Mari Kortazar
17/10/2025
Hamar
urte ditu gogoeta honek eta Arratian idatzi neban. Gaur egun ere, nire
ustez, Bizkaian gaurkotasuna dauko, erronka dogu, beti egiteko dagoen
zeregina. Ez artikulu ereza, astitzu irakurri nehar da eta eztabaidatu.
Zer deritxazu?
Beti
izan dira krisi sasoiak, garaiak. Bibliako lehen liburuan, Hasierako
liburuan, Faraoia eta Jose amets baten gainean dabiz berbetan.
Faraoiak
Joseren bila joateko agindu zuen eta berehala kartzelatik atera zuten.
Bizarra moztu, arropak aldatu eta faraoiagana eraman zuten.
Honek esan zion:
–Amets
bat izan dut, eta ez dut inor aurkitu esanahia argitzeko gauza denik.
Ametsa entzun orduko, ba omen dakizu zuk haren esanahia.
–Nik ez, faraoi jauna; Jainkoak berak emango dizu erantzuna zeure onerako.
Faraoiak
kontatu zion: «Nire ametsean, Nilo bazterrean nengoela, zazpi behi guri
eta eder ibaitik atera eta larrean hasi ziren. Ondoren, beste zazpi
behi itxura txarreko eta argal atera ziren. Haiek bezain eskasik ez zen
inoiz ordu arte ikusi Egipto lurraldean. Behi
argal eta eskas hauek, ordea, lehengo zazpi behi guriak irentsi
zituzten. Eta, sabelean eduki arren, ez zitzaien igartzen, lehen bezain
itxura txarra baitzuten. Une horretan esnatu nintzen.
«Amets egin nuen berriro: gariaren gerri beretik zazpi galburu aletsu eta eder erne ziren. Ondoren,
beste zazpi galburu erne ziren: zimel, mehar eta haize erreak ihartuak.
Zazpi galburu mehar hauek irentsi egin zituzten beste zazpi eder haiek.
Azaldu dizkiet aztiei ametsok, baina ezin izan dit inork berorien
esanahia adierazi».
Josek esan zion faraoiari: «Bat bera dira, faraoi jauna, zure ametsak: Jainkoak zer egingo duen jakinarazten dizu.
Zazpi
behi ederrak zazpi urte dira, zazpi galburu ederrak bezalaxe, bat bera
baita bi ametsen esanahia. Hauen ondoren etorritako zazpi behi eskas eta
argalak ere zazpi urte dira, eta zazpi galburu mehar eta haize erreak
ihartuak beste zazpi urte: zazpi gose-urte (Hasiera 41, 14-27).
7
behi argalek 7 behi lodi jaten zituzten amets hartan. Inork ezin asmatu
ametsaren esangura eta azkenean Jose da azalpena ematen duena. Behi
bakoitza urte bat zen. Lodiak ugaritasuna eta aurrerapena, argalak gosea
eta eskasia, urte ederrak ahaztera ere eramango, jango zituztenak.
Krisi bakoitzak bere eragina izan du gure herrietan. Lehen, oinez edo
tranbian, fabriketara, herriak hutsituz. Orain, kontrako joera ere
badago. Batzuk guregana datoz lasaitasun bila, beste batzuk etxeak
merkeagoak zirelako.
Herriko bizimoduak baditu bere bentajak. Auzotarren bizimodua, izateko
eta bizitzeko modua. Agur esateko ohitura. Bentana bat luzaro itxita
badago arduratu, erosketak eramateko lagundu, auzokoari lagundu soloan
edo ortuan, gaixoa bisitatu.
Umeak ere gure herri txikietan libreago dabiltza kalean eta naturarekin harremanean. Olgetako beste era bat.
Dena ez da argi. Ardurak ere badira.
Erdera zelan nagusitzen den gure plazatan, gure umeengan.
Betiko bide zabal batzuk orain itxita ikusten ditugu.
Ondareari begira, pintadak ermitetan edo frakingen arriskua gure inguruan.
Nekazari eta labradoreen zahartzea, ordezkapen naturala egiteko arazoak.
Elizak ere hiri handien aldeko apustua eginik, herri txikiak bigarren
mailan itxita, bide berriak zabaltzeko beldurretan.
Gizarte
mailan eman den aldaketa hau, Eliza mailan ere ez ote da heldu, ez ote
gara behi argalen sasoian, garaian? da, behi argalak, eremu eskasak.
Harrobia
izan ditugu landa eremua eta herri txikiak bokazioetan. Laikoak, fraide
eta mojak, abadeak eta apaizak. Gaur egun hutsune handiak daude euren
pastoraltzan: pertsonak, eragileak, proiektuak, esperientziak...
Zelako pastorala?
Mezatara
mugatzen ez dena. "Cela dit, il faut ajouter que si l'Eglise se réalise
au maximum dans l'action liturgique, elle ne s'y réduit pas. L'Eglise
est aussi mission, kérygme, diaconie, critique et incitation politique"
(Y. CONGAR, Réflexions et recherches actuelles sur l'assemblée
liturgique, Maison-Dieu nº 115, 3º tr. 1973, page 7, aipatua in J.M. de LACHAGA, Église particulière et minorités ethniques, Paris 1978, 196. or.)
Argi
dago hau ez dela parrokia edo parrokia multzo batera mugatzen, tokiko
Elizari edo Eliza partikularrari dagokiola. Argi dago, aldi berean,
hortxe zegoela helburu argia.
Arratian,
garai hartan, ez zen bakarrik liturgiara mugatzen pastorala, ezta ere
herri erlijiotasuna laguntzera. Herrien egoera kontuan harturik,
ahalegin handia egin zen pastoral misiolari zabal hori hedatzen. Adibide
ditugu Zulaibar lenbide heziketa zentrua, garai hartan pioneroa edo
aitzindaria, hainbat arratiar gaztearen hezkuntza eta bokazioa lantzen
lagundu zuena. Hortxe dago Arana aldizkaria, gizartearen egoeran
sakontzeko akuilu eta tresna. Hor dago, abade batzuen eraginez,
militantzia politikoan sartu ziren askoren aukera. Eta ezin utzi aipatu
gabe enpresa kooperatibo batzuen hasieran abade batzuen laguntza gazte
laikoei.
Gerra
aurreko girora jauzi egiten badugu, 1.930. urtean Zeanurik 2.300 bizi
lagun zituen. 1.935eko udan, Zeanurin, bertako sei seme apaiztu ziren
egun berean. Hori dela-eta, liburuxka bat kaleratu zen eta bertan
herriko 276 seme-alaben izenak ageri ziren, denak apaiz, fraide edo
moja. Inoiz “herri lebitikoa” ere deitu zitzaion horregatik.
Gerra
aurretik, Arratiako Artean Begoñako Andra Mari Seminarioa jarri zen,
1922-1936 urtean artean bizi izan zuen lehen aldia. Gerra ostean,
bigarren bizitza aldi bat izan zuen, 1944-1953 urte bitartean. Honek ere
izango zuen eraginik bailarako mutilen heziketan eta bokazioan.
Bitxikeria moduan, gogoratu dezakegu, lehen etapan, laugarren kurtsoko
ikasleek Euskal Gramatika izeneko asignatura zuten, asteazken eta
larunbat arrastietan. Bigarren etapan, gerra ostekoan, asignatura hau ez
da ageri.
Sasoi
berriagotan, Bizkaiko Eliz Batzar Nagusia zela eta, boluntario laikoen
talde lan ahndia izan zen : formazio sakondua, boluntarioak prestatu,
ardurak hartu apaiz eta fraideekin batera.
Gaur
egun, apenas dago abaderik igandeetako meza bakarra bermatzeko, egunero
meza desagertu da parrokia gehienetan, herri erlijiotasuna laguntzeko
era arazoak dira. Diakoniaren auzia laikoen esku geratu da, Caritasen
laguntzaz batez ere. Gizarte eragina, kritika, sarbide politikoa...
horiek joan ziren.
Zer gertatu da? Zein arazo dago?
Lachagari
jarraituz, tokiko Elizari edo Eliza partikularrari dagokion eskema
egokitu dezakegu landa eremuetara. Berbaz berba ezin dugu aplikatu baina
ardatz nagusiak, norabide argienak aprobetxatu. Hark bost pausu
zehazten zituen:
1.- Ebanjelizazioan herriaren hizkuntza partikularraren aukerak zeregin nahi eta nahi ezkoa dauka.
2.- Kultura erlijioso indigena baten beharrizana edo premia.
3.- Laguntzaile indigenen beharrizan edo premia. Katekistak, arduradunak, eragileak.
4.-
Arlo katolikoa. Kristau elkarteak, aldi berean ongi errotuak,
sustraituak bere herrian, eta nahiko zabalak, nahiko katolikoak.
5. Sinodoen praktika aukerak adostu eta arazoak konpontzeko.
(Lachaga, 194-212. or.)
1.- Hizkuntza propioa.
Zelan
galdu den ardura hau! Gure aurrekoak egindako lan erraldoi hartatik
bizi gara oraindik neurri handi baten. Liturgian, Orduen otoitzean,
kantuan, Biblian… Bizkaian badabil talde bat materialak euskeratzen.
Apaizei eurei bideratutako lana ederra da, laikoen behar izanak asetzeko
falta da oriandik. (Jose Mari KORTAAR & Anjel Mari UNZUETA,
Liturgia euskaraz. Egindakoa eta egitekoa, Bilabao, DDB, 2004).
Lehen
abadegai edo apezgaiak euskaraz jabetzeko aukera argia zegoen. 1974/75
ikasturtetik aurrera abade izango direnei Bizkaian euskera jakitea
eskatuko zaie (J.M. de LACHAGA, Minorites nationales et liturgie
romaine. L'exemple de la liturgie en basque, Paris 1979, 84. or. Bilboko
Boletina 1973. azaroa, 53. or.).
Hau,
gaur egun, abade eskasiagatik, apaizen adin nagusiagatik eta seminario
berriaren norabideagatik, hau zeharo galdu da. Gaur egungo apaiz berri
askok meza eman dezakete euskeraz, baina ez dira gauza pastoralaren
beste arloak euskeraz naturaltasunaz jorratzeko.
Itzulpenen
urrezko sasoian lan erraldoia egin zen Euskal Herrian liturgiako
testuak euskaratzen eta euskalduntzen. Iturri hartatik jarraitzen dugu
edaten. Euskal Herri mailan emandako ahalegin serio eta emankorra izan
zena. Eskertzekoa.
2.- Kultura erlijioso baten premia.
Herri
erlijiotasunaren arazoa. Berau definitzerakoan ere bigarren mailakotzat
hartzeko arriskua dugu. Zein da herri erlijiotasuna? Klero eta apaizena
ez dena, ilustratua ez dena, herritar ilustratuena ez dena...?
Inoiz
pentsatu izan da herri pobre edo bigarren mailakoarena zena. Hau ez da
guztiz egia. Ez dira beti pobreenak erlijiotasun honen ardura aurrera
eramaten dutenak. Inoiz bada herriko ilustratuak apaizei edo kleroari
aurre egiteko erabilia. Herriaren adierazpen erlijiosoaz egiten dugu
hitz. Baina ez herri pobretuena bezala kontuan hartuz.
Egiazko
kultura bat da, pentsatzeko, sentitzeko eta jarduteko era bat. Kultura
guztietan bezala badauka bere transmisioa, beti pastoral eragile
ofizialak (apaiza, fraidea, katekista...) egiten duena, inoiz bere aurka
ere bai. Herri erlijiotasunak aukera bat egiten du, bertako kulturari
atsegingarri zaizkiona, eta aukeratua berrinterpretatu egiten da (M.
NARANJO, koord. La cultura popular en el Ecuador, Tomo XI, Quito 2004,
135-139. or.).
Kontrolatzen
ez dena izanik susmagarritzat ere hartua izan da. Baina baditu bere
aukerak, herriaren arima agertzea bezala, bere baloreak, alde onak.
Munduko errealitate guztiak legez, anbiguoa izango da, izango ditu bere
argi ilunak.
Gizarte
sekular honetan herri erlijioak sustraia ematen dio fedeari. Pastoral
eragileak erre ditzake, herria entretenitu, fedea eta Eliza
barregarritzat edota antzinakotzat agertu.
Baina
herri erlijiotasunak Elizari kultura eta mundu kutsua ematen lagunduko
dio, aldi berean, herri erlijiotasun hori ebanjelizatuz. Horretarako
presentzia, harrera, ondoan egotea epaitu barik, horiek denak behar dira
eta beti ezin dira liberatu holako pastoral eragileak, laikoak, fraide,
moja edo apaizak, katekista edo boluntarioak.
3.- Laguntzaile eta eragile indigenak.
Gotzainaren
ministeriotik hasita. Jaunaren Hitza, lehendabizi, onartua eta
barruratua izan behar da. Sakondua. Gotzainak zeregin honetan herriari
laguntzeko, nahi eta nahi ezkoa izango du, nora bialdua izan den herri
horren hizkuntza edo hizkuntzak ezagutzea. Hizkuntza baten alde egiten
badu, konturatuta edo konturatu gabe, diskriminazio eragile bihurtu
daiteke, arrazismo kultural baten eragilea (Lachaga 222).
Christus dominus
18an, Gotzainari eskainitako Vatikano II. Kontzilioko dekretuan, argi
uzten dio aparteko ardura hartzea pastoral zaintza arrunta jaso ezin
duten eliztarrekin. Hortxe daude gutxiengoak arazo sozial, hizkuntzako
edo etnikoengatik. Landa eremu eta herri txikietako eliztar euskaldunek
birritan izango dira premia horren subjektuak.
Konstantinoplako
I. Kontzilioak ere, 381. urtean, argi eskatzen zuen gotzaina
lurraldekoa izan behar zela jatorriz, eta hau ezinezkoa balitz, adibidez
herri paganoen ebanjelizazioaren hasieran, jarraitu beharko lituzke
asaben ohitura eta usadioak (Lachaga 228).
Misioetara
bidaliak direnei, bertako hizkuntzaz erraztasunaz jabetzeaz gain,
tokiko herrien kultura eta ohituraz jabetzeko deia egiten die Vatikanoko
II. Kontzilioak (Elizaren misio-ekintzari buruzko dekretua, Ad Gentes
divinitus 26).
Gotzaina,
bertako hizkuntza, ohituraz eta arimaz jabeturik, bera izan beharko
litzateke elizbarrutiko katekesian, seminarioan, kurian, elizbarrutiko
antolakuntzan bertako hizkuntza edo hizkuntzak kontuan hartzeko eragile
eta berme, akuilu.
Gotzainak
bere elizbarrutiko hizkuntza bera duten beste elizbarrutietako
gotzainekin lankidetzan aritu beharko litzateke. Ur sakonak ditugu hauek
gure Euskal Herrian. Hemen aldizkariak ere gai hau behin baino sarriago
erabili izan du. Gotzain Konferentzia eskatua, beharrezkoa, ukatua. Gai
larria bezain pendientea.
4.- Tokiko gogoeta teologikoa
Ebanjelizazioaren
premiei erantzuteko tokiko gogoeta teologiko bat behar da. Langile
munduan, etorkinen munduan, kartzela munduan pastoral bat aurrera eroan
behar bada, landa eremu eta herri txikietan ere pastoral berezi baten
premiaz ari gara. Eliztar horiek euskaldunak badira, arlo bikoitz baten
gainean ari gara.
Gakoa
ez litzateke fedearen edukia egokitzea herri bakoitzaren izaera eta
barruko naturan, bere interesen arabera azaltzea baino. Euskeratu
bakarrik ez, euskaldundu ere bai.
Kristau
elkarte bakoitzak ere aberastu dezake bere gogoeta fedearen iturri
nagusiekin elkarrizketan: Biblia, Kontzilioak, Eliz Gurasoak.
Herri guztiek hartu dute fedea besteengandik. Eta eurek ere gogoeta partikularra garatu zuten.
Gogoeta
hau norabide bitan egin beharko litzateke, Eliz unibertsalarekin
elkarrizketan, eta Salbamen Historian herri horren lekua hartuaz ere
bai. Hau hurrengo puntuan sakondu beharko genuke.
5.- Arlo katolikoa.
Hau behin eta berriz kontuan hartu beharko genuke. Eliz Unibertsalarekin elkarrizketan. Ez gara bertan luzatuko.
6.- Sinodoaren bidea eta indarra
Lacahagaren gogoetaren ekarpen nagusia nire ustez (Lachaga 248).
Bizkaian Batzar Nagusi bezala garatu zen elizbarrutiko historian bai metodoagatik, bai edukiagatik mugarri bat izan da.
Gero, eliz joeraren indarrez gure artean oso gutxi landu den tresna, Eliz historian oinarri handia bezain sakona duena.
Arazo
larrietan batez ere, Sinodo baten egiteak berak konponbidean jartzen du
Elizbarrutia. Landa eremu eta herri txiki, euskaldunak edo erdeldunak,
bere tokia izango luketen gogoeta sinodal horretan. Horretarako
sinodoaren estiloa eta praktika berreskuratu beharko litzateke.
Iratzeder, 1960
Vatikanoko
II. Kontzilio Ekumenikoaren aurretik, gai honi oratuz, hitzaldi
aitzindaria eskaini zuen Iratzederrek Tolosan, bertako ikasle
euskaldunei. (X. DIHARCE, Au service de la vocation du Peuple Basque,
Othoizlari 26, 1961 urtarrila, 325-335. or. In J.M. de LACHAGA,
Minorités nationales et liturgie romaine. L’exemple de la liturgie en
basque, Paris, 1979). Aspaldiko testua izanagatik, badauka zer
aprobetxatu gaur egun ere.
Bere
deia bikoitza da: Euskal Herriari emanak bizi kristauak garenez, eta
munduari edo Jainkoari emanak bizi euskaldunak garenez.
Pista praktiko batzuk ere eskaintzen ditu, espiritualtasuna eta herrigintza lotuz:
-apaltasuna, herriaren eskolatik ikasteko, hizkuntza bera, bere arima...
-ikerketa eta konkista, bakoitzaren lan eta bizitzan euskal sena txertatzeko.
-maitasuna
eta zuzentasuna, euskaldun senidetasun edo fraternitatea lantzeko, gure
herriaren historia salbamen historiaren maila bezala onartuz. Adibide
asko jartzen ditu, batzuk herri lagun ezezagun eta anonimoak, besteak,
euskal seme-alaba prestuak, euren artean Xabierreko Frantzisko.
Berak
proposatzen duena ez da fede indibidualista tradizionala,
sakramentuetan eta aginduak betetzean konforme geratzen dena. Baina aldi
berean baieztatu dezakegu, ez duela katolizismo sozial hutsa ere berak
proposatzen duena, etniaz ahaztu egiten den progresismo bat.
Ebanjelioaren poza
Frantzisko Erromako gotzainak bere Ebanjelioaren poza idazkian ere ematen dizkigu ohar batzuk gai honetan oso interesgarri direnak.
Periferietara heltzeko deia
Gaur
egun Jesusen "Zoazte" horretan daude Elizaren ekintza misiolariaren
egoera eta erronka berriak, eta denok gaude deituak "irteera" misiolari
berrietara (...) Kristau bakoitzak eta elkarte bakoitzak bereizi beharko
du Jaunak eskatzen diona, denok gaude deituak inbitazio hori jasotzera:
gure erosotasunetik eta Ebanjelioaren argia behar duten periferia
guztietara eramatera (20).
Ebanjelio bakarra kultura askotan
Elizaren historian ikus dezakegunez, kristautasunak ez du eredu kultural bakarra (116).
Enkarnazioaren
printzipio teologikoa darabil Frantziskok honi eusteko (117), eta
Europako Elizek, historiako une zehatz batetan adierazi dutena ez da
Jaunaren Hitza, alda ezina (Ikus 118 eta 129).
Herri txikien handitasuna
Ondarea dira gure herri txikiak. Frantzisko Aita Santuak bere Ebanjelioaren poza eskutitzean
hauxe diosku: “Herri horretan, fedearen argipean, txikiak baina
indartsuak Jaunaren maitasunean, Asiseko Frantzisko legez, kristau
guztiak gara deituak bizi garen herri eta munduaren hauskortasuna
(fragilidadea) jagotera (216)”.
Hauskorra
da gure kultura, hauskorra da gure herri txikien bizitza. Deia
guztiontzat dago zabalik. Ez gaitezen erori nire ezagun batek ironiaz
esan zidana: "Etorkina izan nahi nuke Bizkaiko Elizan, kurian etorkinen
pastorala lantzeko departamendua edo omen dute... Euskaldunok ere
etorkin izan beharko ote landa eremuko pastorala eta pastoral euskalduna
aintzat hartua izan dedin? Etxean arrotz?"
Pista batzuk landa pastoralaren espiritualtasuna lantzeko.
1.- egin beharra dela dakiguna jarraitu egiten, egin behar delako, beste arrazoi barik.
2.-
zer pertsona garan dinoguna, horretan bihurtu egunero. Ze Eliza garela
idatzi eta proklamatzen duguna, horretan bihurtu astiro, samurtasunez,
konkistaz, apaltasunez.
3.- geure buruarekin zintzoak, leialak izan, kostua kontuan hartu barik.
4.- aurrera jarraitu, ikusten eta ukitzen ez diren irabaziak lortu barik bada ere.
Gure
gizartean arrakasta irabaziekin lotzen da. Beraz gauza txarra ez dena,
absolututzat hartua, ebanjelioaren bidetik desbideratu genezake gu eta
urrundu gure pastoral amets, asmo eta ekintzak. Ermitatxo baten jaia
laguntzea edo amona baten hileta ospatzea, hiru-lau gaztetxoren taldeari
ideiak ematea edota guraso batzuekin formazioan ahalegintzea, gaur
egungo Elizan ez daude modan. Ez dira aintzat hartuak izango. Presentzia
bera ere hiriburutik egiteko tentaldia hor izango da, borondate ona
eskertuz.
Funtzionatzen
duena egiten dugu, programatzen dugu gure ebanjelizazio planetan, ez
beti egin beharko genukeena. Eta planak, asmorik onenarekin ere, gaur
egungo eskasi pastoralekin, normalean hiriburutik egiten dira, ez landa
eremu eta herri txikietan bizi eta pastoralean ari diren katekista eta
irakurle, guraso eta caritaseko kide, ermitazai eta eliz garbitzaileen
ahotsak indar gutxi dauka, aintzat hartua izaten bada sikeran.
Bai,
beldur barik esan dezakegu, landa eremu eta herri txikietako pastorala
harrobi izatetik periferiara izatera bihurtu dela gure Elizan. Aldaketa hori emateko sasoia izango ote dugu oraindik?
Bibliografía
J.M. de LACHAGA, Église particulière et minorités ethniques, Paris 1978.
M. NARANJO, koord., La cultura popular en el Ecuador, Tomo XI, Quito 2004.
Jose Mari Kortazar, HEMEN aldizkarian.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.