lunes, 16 de enero de 2023

Eguberria eta gero

Fuente:   Noticias de Gipuzkoa

Por   Marije Gerra Gorrtxategi

13/01/2023


Eguberria eta gero
N.G.

Joan dira gabonak baina oraindik igarotzen ariko balira bezala nabil. Batetik, egunkari honetan irakurri dudan artikulu bat medio eta, bestetik, kristautasunak jasaten ari duen tratua dela eta. Artikulua “Navidad cristiana y Navidad universal” da, Joxe Arregirena, ohikoa duen idazkera ederrez egina eta une batzuetan hizkera poetikoz. Halere, egia esan, ez dit argi handirik egin. Ez naiz teologoa ezta Elizen eta erlijioen historian ikasia. Baina, kristau izanik, zerbait esan nahi nuke gure herrian eta giro batzuetan Jesus eta eliz-jarduera sarri baztertuta edota gutxietsita ikusirik, are gaizki erabilita.

Aurrena esan nahi dut zorionekoak garela Donostiako Elizbarrutia suertatu zaigulako kristau bidea egiteko, alegia, gure herrian errotu eta, aldi berean, begirada zabalez, euskal jendeari lekukotasun ebanjelikoa eskaintzen ahalegindu den Eliza jatorra; zenbat apaiz eta katekista on, zenbat emakume eta gizon, benetako kristauak, eguneroko bizitzan, etxetik hasita. Zorionekoak, halaber, gure parrokia eta erlijiosa-erlijioso ordenengatik, ebanjelio esperientzia norberak bere baitan eta elkartean egiteko. Eta izen bat nabarmentzen hasita, zorionekoak Jose Antonio Pagola teologoa egokitu zaigulako ere. Ez dakit herri honek aitortuko dion egin dion ekarpena, baina, dena dela, nahi litzateke Eliza esker oneko agertzea. Makina batek dauzkagu haren oroitzapenak. Niri arrastoa utzi zidan, sendotza bezperan mintzatu zitzaigunean. Azaldu zigun konbikzio batek jo ninduen, tximista batek bezala: esan zigun 18 urte genituela eta erabaki garrantzitsuak hartuko genituela gure bizitzarako, aukera asko izango genituela eta moden mende ez ibiltzeko, haizeak orbela bezala, noraezean, gure bizitza Jesusengan errotzea zela gakoa, eta hori zela sendotza hartzea. Barru-barrura sartu zitzaizkidan hitz haiek, seguru asko une hartan haien beharra neukalako, eta ez ditut inoiz ahaztu.

Honekin aditzera eman nahi dut gure kristau ikasbidea, Jesusi jarraitzea eta fedearen transmisioa, gure bizitzarekin eta gure gizarteko errealitatearekin lotua jaso genuela, eta ez dudala oroitzen dogmekin eta esplikazio teorikoekin katramilatuta eta ulertu ezinda ibili nintzenik. Elizari buruz klixe asko dago, ezjakintasun eta aurreiritzi handia sarri, baina gure Elizbarrutia ezagututa, zail egiten zait dogmen zurruntasuna hainbeste azpimarratzea aipatu artikuluan eta jardun askotan. Nolanahi ere, dogmatismoz aritzeko arriskutik ez dago inor libre, ezta dogmakeria kritikatzen dutenak ere. Ez naiz eliz-historia eta teologia ikuspegitik dogmak azaltzeko gauza. Garaian garaiko adierazpenak izango dira horiek ere, eta orain, egungo kulturan ulertzeko moduko adierazpideak beharko ditugu. Liturgian ere berdin, eliztar asko jabetzen gara berritzeko premia dagoela, baina ez nator bat Joxe Arregirekin elizkizunak gutxiesten dituenean, “gure liturgia gatzgabeak” direla iritziz. Ez dut uste hori hala-hola esan daitekeenik. Ezagutzen ditugu mezak duin ospatzen dituzten kristau elkarteak, non hitz esanguratsu bat entzuten dugun, kristau herriaren partaidetza eragiten duten, edertasuna zaintzen den... Ez zaizkit hutsaren hurrena iruditzen era horretako eukaristiak. Saiatzen gara Azken Afaria sakonki ospatzen eta bizitzarekin uztartzen, eta horrek fededun helduago izaten laguntzen digu.

Bestetik, Eguberria abendu hondarrean ospatzen dela eta, izadiaren berritzeaz jabetu izana salatzen zaio kristautasunari euskal giroko hainbat jardueratan. Ez dakit gure herrian, gaurko euskaldun post/modernoei zenbat laguntzen dien neguko solstizioak bizitza oinarritzen eta gidatzen. Dakidana da itxaropena eta arnasa ematen didala Ebanjelioan sinesteak eta Jesu Kristogan fedea izateak, hau da, Ebanjelioko Jainkoan, sinesteak. Dakidana da Gure Aita otoitz egitea ez dela eguzkiari errezatzea –esan dezadan ez dakidala eguzkia gurtzen– eta neguan gaua mozteak ez didala senide elkartasunik eragiten. Dakidana da eguzki argitsuak ere ez didala bihotz-muinean barkamen-eskerik ez -emaririk sortarazten eta neguko argi berriak ez didala gupidarik eragiten. Barkatzea eta errukitzea, guztiok gizatasunaren hondoan daramatzagularik, Jesusi begiratuz eta, urrutitik bada ere, hari jarraituz ikasten dut, eta, nola ez, bidelagun onei adi egonez. Jainkoari eskerrak, zorionez badago jende ona. Egiaz, ez dira gauza errazak hauek. Gizatasuna, alegia, “guztiz onak izatea zeruko Aita guztiz ona den bezala”, Jesusen dei hori, ez da erraz burutzen ez bat-batean. Prozesua da, izan ere, eta hori ez da klik batean gauzatzen.

Gabonak igaro berriak ditugun honetan, ez dut idealizatu nahi lehengo Eguberria. Etxe batzuetan ez zen giro izango. Eta kristau herriak bi Mundu Gerrara eraman zituzten agintari elizkoiek. Baina bazegoen beti nora begiratu, norengana bihurtu, norabidea berriro aurkitzen joateko eta giza eskubideetan aurrera egiteko. Eta hemen gaude, XXI. mendean. Gure gizartean, Euskadin, Eguberria baztertuta dago giro dezentetan. Ohartzekoa da gabon aurretik bidaltzen diren agurrak nolakoak diren, adibidez, “Zorionak eta Urteberri on” delako hori. Urte berria seinalatua eta Eguberria ezabatua. “Zorionak”? Zergatik “zorionak”? Olentzerorekin berdin. Apenas dagoen Olentzerorik Jesusen jaiotzari lotuta –badakit, badakit, antzinako euskal pertsonaia da, eta kultura zaharretan gurearen kidekoak daude, baina azkenaldian, artean diktadura zela, Olentzero Eguberriarekin berreskuratu genuen euskal umeentzat–. Eta Jesus jaio dela berri emateari utzi dionetik edozer gauza bihurtu da Olentzero, gure nahierara makurtuta, adibidez, Whatsappari adi dagoen Olentzero, EITBk bere gabon kanpainatan iragarri izan duen bezala... eta, aldi berean, gure gabon kanta ederrak ia isilduak, Aita Donostiak eta beste batzuek herriz herri bildutako euskal kulturaren altxorrak. Eta gero kontsumismoa kritikatu.

Giza kontzientzia sendotzeko bide bat baino gehiago aitortzen dut, inola ere ez derrigorrez fedearena. Baina iruditzen zait Jesusen jaiotza eta Jainkoa munduan gizaki eginik sartzea kentzen zaizkion eguberriak eta urtean zeharreko egunak erraz erori daitezkeela erosi-eta-erosi-behar zoro batean, hain indartsua den kontsumismoan, egoismo indibidualistaren haizeek eramanda. Gainera, hitzez gaitzesten ditugun gorroto eta mendeku jokaerak gailentzen ikusten ditugu kristau fedearen adierazpenen aurka. Ez zaizkit parte onekoak iruditzen fobia horiek, pertsonak eta Eliza erruki gabe larrutzen duten jokaerak, auskalo zer pultsiok edo helburuk eragindakoak. Kontu handia izan behar genuke.

Urtean zehar, egunerokoan bizi dugu Jesu Kristoren etorrera mundura, gure bizitzara, harengan sinesten dugunok. Egunero, egunero, egunero… eta tarteka, ohikotik atera eta festa. Festak berezkoa du gehiegia, dohaintza, ospatzea. Gaur egun, garai nahasi eta lauso hauetan, gauzak nahasteko joera dago. Baina festa ez da kontsumokeriaren berdina. Festa erregalo bat da. Eta hori da Eguberri kristaua, eta Pazkoa, festa, mahaian elkartuta, etxekoekin eta agian baten bat etxeko eginez ... eta mahairik ez dutenak gogoan hartuz. Oso eskertuta nago alde horretatik. Eskertuta baita ere Ukrainako negu gorrian hotzak daudenei elastiko termikoak bidaltzeko elkartasun deia egiten duen Elizari. Eskertuta Martuteneko espetxean dauden presoentzat opariak eta dirua bildu duten parrokiei… Horra mundura etorri datorkigun Jainko AitAmaren Opariaren zeinuak, eta horra Jesu Kristorekin senide-elkartasun unibertsala bizitzeko bidea. Badaude beste batzuk, eta gizatiartze-bide zabalean topo egiten dugu guztiok bizitza hobea eta duinagoaren bila. Nik oraindainoko fedean iraun nahi dut. Horrela bai ederra Eguberria bizitzea. Horrela bai urte guztia urte berri.

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.