Orain 30 urte egin zen lehenengoz biltzarra, Arantza Iraola Berria egunkarian.
Liskar giroa agerikoa da Eliza Katolikoan: etxe barruan. Zinetan. Lehengo astean, Gipuzkoako 96 apaizek gutun bat igorri zioten Jose Ignacio Munilla gotzainari. Hitz gogorrak ditu: «Elizbarrutia zure feudotzat hartua duzula dirudi, eta nahi duzuna nahi duzun eran egiteko ahalmenaren jabe bakarra eta osoa zarela». Halaber, egunotan jakin da Bizkaiko hainbat abadek —Bizkaiko Abadeen Foroko kideak; 50 bat kide dira egun— gutun bat igorria diotela Bilboko apezpiku Mario Izetari. Orain hainbat aste bidalitakoa da, baina egunotan jakin da horren berri. Gipuzkoako apaizen alboan, samurrago mintzo dira Bizkaikoak, baina agerikoa da elizbarrutiko buruzagiek hartua duten norabidearen gaineko egonezina, eta, horregatik, eskakizun jakin bat egin diote testuan gotzainari: Elizbarrutiko Batzar Nagusia antolatzekoa. Orain 30 urte egin zen lehendabiziko aldiz, eta ordutik ez da gehiago elkartu.








