sábado, 5 de enero de 2013

Urtarrileko eskutitza gure gotzai jauna dan Mario Icetari

MARIO ICETA jauna
Bilboko Gotzaina

Bizkaia, 2013ko urtarrilaren 3a 


            Mario jauna:

           
            Gurekin izatekoa zan alkarrizketa “otsailera arte” atzeratua izan danez, eta kontutan izanik katedraleko Dean-parrokoaren eta Giza Pastoraltzako Gotzain Ordezkariaren inguruan egunkari baten oraintxu agertutako deklarazinoak kontutan harturik, baita baketze eta adiskidetzeari buruz esandakoak ere, zuri gogoeta honeik adieraztera garoaz:

1.- Ondo deritzagu “aita batek” “anai bik ezbaiak dabezanean” “alkarrekin hitz egin dagiela, bakotxaren eritxiak eta ezbaiak alkarren artean jarri dagiezala eta, ebanjelioaren haritik, barriro alkar bidea hartu eta gauza guztien gainetik komunioa bizi izan dagiela. Halan da be, iruditzen jaku “aita” tituloaz jabetzea ez dala guztiz ebanjelikoa (cf Mt 23, 9). Halan da be, ez dogu ondo ikusten zu onaren eta txarraren gainetik jartea, eta harritu egiten gaitu zure sensibilitaterik ezak, publikoki gaitzetsia eta iraindua izan danaren alboan ez jarteak. Ondo iruditzen jaku Dean-Parrokoak Giza Pastoraltzako Ordezkariaren deklarazinoak irakurri barik pertsonal deskalifikazinoz beteriko idazti bat idazteaz huts egin dauala onartzea eta, horregatik, bakarrean Giza Pastoraltzako Ordezkariari parkamena eskatzea.

2.- Onartzen dogu egon daitekezan “ezbaiak” “ezagueraz, begirunez, diskrezioz eta karitatez, elizbarruti komunitatean eta are gutxiago ageri-agerian nahasmendua sortu barik kudeatzea. Halan da be, uste dogu gurekin onartuko dozula publikoki, ezelango oinarri barik, deskalifikazio pertsonalak zabaldu diranean publikoki baita ere onartu behar dala egindako hutsa eta publikoki parkamena eskatu. Era horretara bakarrik bihurtuko jako kendu jakon ohorea eta duintasuna Giza Pastoraltzako Ordezkariari. Eta, era horretara, kristau alkarteak berradiskidetzea zelan ulertu eta praktikatu behar danaren ikasbidea emongo dau.

3.- Horrez gain uste dogu katedraleko Dean-Parrokoak publikoki parkamena eskatu behar izango leuskiela parlamentarioei eta parlamentuari berari er,e erakunde horretan “borreroak eta hiltzaileak jarri daitekezela” esatearren. Esandakoaz atzera egite hau, premiazkoa izateaz gain, derrigorrezkoa iruditzen jaku gurea lango gizarte baten, non herritar guztiek eta erakunde guztiek euren ohorean eta duintasunean errespetatuak izateko eskubidea daben, kontrako epai irmo bat ez dagoan bitartean.

4.- Gogoeta honen argira, ulertuko dozu zurekin bat ez etortea, bai katedraleko Dean-Parrokoa bai Giza Pastoraltzako Ordezkaria “nire estimu eta konfiantzagarri” izatean. Uste dogu ez dagola arrazoirik ez motiborik biak zure estimu eta konfiantza bardineko izateko, eta bai, ostera, —eta publikoki agertzeko— Giza Pastoraltzako Ordezkariaganako begiramena. Halan da be, zeure erabaki pertsonala da, eta espero eta desio dogu erabaki honek ez dagizala ondorio handiagoak izan elizbarrutirako, aurreko puntuan esandakoa kontutan izanik, zure hurbileko kolaboratzaileen desmoralizaziorako izan ez daiten.

5.- Azkenik esan nahi deutsugu, sartuta gagozan baketze eta adiskidetze prozesuaren harira, beharbada ez dala “idazti eta deklarazio garaia, iraupenez eta diskrezioz lan egiteko garaia baino, egoera konkretoetan, kalean bertan”.

Baina uste sendoa daukagu zugandik hitz bat faltan botatzen dogun garaia badala, gutxinez, gai bi honeitan: zure eritxia jakin nahi genduke Elizeak errespetatu (eta zure kasuan bultzatu) behar izango leuken politiko aniztasun legitimoa batasuna eta bakoiztasuna artikulatu behar diranean. Magisteritza hau (bere garaian zure ezagueran jarri genduan lez) zure aurretiko gotzainengan egiaztatu dogu eta talka egiten dau, beste baten ere, joan dan urriaren 2 eta 3an, Espainiako Konferentzia Episkopaleko Komisio Iraunkorraren Deklarazinoaz, non salatzen dauan “batasunaren aldebakarreko desintegrazioa”.

Zure aldetik baita biktimei publikoki parkamena eskatzeak dakarren indar osatzaile eta adiskidetzaileari buruz eta baita euren politika ekintzarako lehen ta azken kriterio lez “talion” legea jartzen daben pertsona eta kolektiboei dagokiezan arriskuak dirala eta hitz bat esatea ere eskertuko geuskizu.

Baketzearen eta adiskidetzearen aldeko eskabide bi honeik, beste batzuen artean, gogorapen bati loturik doaz: 2012ko urtarrilaren 30ean Bilboko Presbiterio Kontseiluak zera akordatu eban: “Baketze eta Adiskidetze Elizbarrutiko Batzorde bat sortzea”. Botazinoak hasi baino lehen, zuk esan zenduan emaitza lotesle izateko beharrezko zala 3/2koen botoak. Emaitza hau izan zan: Presente egozan 31tik 23 baiezko, 6 zuriz, ezezko bat eta baliogabeko bat.

Gogoratzen badeutsugu, ordutik honako denporan ibilbide honetan pausurik emon ez dozulako da. Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua gai honi buruzko hausnarketa harrigarri baten murgildurik egotean babesteak ebatzi hori ez hartzeko interpretazio asko egitera garoaz, baina ia bat ere ez eliza hau erantzunkidetasunez gobernatzearen aldekora.

Gaioi buruz zurekin zuzenean hitz egitea gustatuko litzakigu, baina gurekin izateko dan topaketa posible horren atzerapenak –idaztiaren hasieran esaten geutsun lez— eta egunkarietako zure azken deklarazioak garoez, ardurakidetasunagaitik, zurekin barriro gutun irekiz komunikatzera.


Bizkaiko Abadeen Foroko Komisio Iraunkorra.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.