Koadro profetikoa
Zeanuriko sakristinian dagoen koadro baten, Pedro Atutxak holan azaltzen dau kasua labur labur: “Jose Sagarna Uriarte, Zeanuriko "sastrena" deritxon etxean otsailaren 4ean, 1910ean jaioa. Felix eta Enkarnaren semea. Urribigarrena edo urriaren 20ean. 1936.ean fusilatua izan zan "Larruskain" Markinako auzunean abade egoala. Frankotarrek hil eben. Eleiztar baten eritziz onegia zalako eta abade hil zan”.
Koadro hori profetikoa izan da benetan. Sasoi ilun eta baltz haretan, herri adiskidetu eta baketu baten aldeko oihu bihurtu da orman eskegitako koadro ha. Bertan dira Zeanuriko zortzi eliz-gizon, gerran eraildakoak: zazpi erreplubikazaleek hilda eta bat, Jose Sagarna Uriarte, frankistek. Bertan dira Zeanuriko parrokoa izanik herriko plazan bertan hil eben Benito Atutxa Agirrelezeaga, 1937. apirilaren 7an, eta Bizente Ocerinjauregui Uria, egun berean, praile frantziskotarra, Zeanuriko bazterren baten milizianoek hil eben fraile zala-ta. Bere gorpua oraindik ez da aurkitu eta une egokia litzateke hau, batan batek ezer baleki hau argituteko.
10 seme-alabetatik bera eta beste anai bat sartu ziran abade. 1911. azaroaren 15an jaio zan (datu hau oker dakar Don Pedro Atutxaren koadroak) eta hurrengo egunean bateatu eben. Bere ikasketak bete eta gero 1935ko ekainaren 28an abadetu eben, eta egun horretan bertan jaso eban Amalloako San Inazio elizako eta bere 249 biztanleen ardura pastorala. Meza baria be ez zan izan edozelangokoa. Egunean bertan sei zeanuriztar abadetu ziran-eta. Holan kontatzen dau egun ha Jon Urutxurtu historialariak: “Andra Mari eleizea gainezka egon ei zan, 2.500 lagun inguruk beteta, eta ospakizunean gotzain bik hartu eben parte: Mateo Mujikak, Gasteizeko gotzainak eta Eugenio Artaraz igorreztarrak, Bach Nihineko (Indotxina) gotzainak.Eleizkizuna amaitu ondoren, eleizearen aurrean herriko jantzari gazteek jantzatu eben eta "Basarri" eta Uriarteren bertsoak entzuteko aukera izan zan”.![]() |
| Meza barriaren oroigarria |
