Gauza
asko eskatzen jakoz Gotzainari: sinistun izan diatela, hur-hurreko egin
daitela, otoitz-gizona, apala… Azken aldiotan baina, guzti horreik
jakintzat emonda, Gotzainak bere herria ezagutu daiala eskatzen da, eta,
ezagutuaz, maitatzea.
Asko
esatea litzateke, baina honek zera nabaritzen dau: Gure Eleizbarrutiko
azken
gotzainek ez dabela agertu herriarenganako eskatzen dan maitasuna, eta hain
beharrezko dana (azken urteotan asko erdaldundu da…).
Gure
Eleizbarrutian alde nagusi bi nabarmentzen dira: euskal hiztuna eta erdal
hiztuna. Gehienen ustez, eleizkizunetatik aldenduen dagoana lehenengoa da.
Zer
jazo da euskal hiztun alderdian? Badago esaten dauanik sinistun peto-petoak
izan dirala familia asko eta asko, eta horrek bere frutuak emon izan dauzala. Baina,
aldi berean, beste familia askotan goitik behera ezarritako
erlijiotasuna bizi izan zala, azken aldiotan astun bihurtu arte: eroan ezina.
Eta, egoereak lagunduta, erraz jaurti ahal izan dabela bizkarretik buztarri
hori.
Herri
asko eta askotan —jaio ume gitxi egiten badira ere— ez da bateorik egiten
(banakaren bat?); Jaunartzea egiterik uste ere ez; eleiz-ezkontzak aspaldiko
gauza dira; eta hileta-kopurua ere beherazka doa ziztu bizian.
Baina
guzti horren gainetik da nabarmen jendearen urruntzea. Ez da agertzen eleiztartasunik;
herritarrentzat eleizea ez da ezaugarri, edo, gitxiago, jarrai-ikur.
Eleizkizunen batera hurreratzen dan jentea hotz agertzen da, ezelan esku
hartzen ez dauala, eta han egiten-esaten dana jasaten, haregazko ezelango loturarik
agertzen ez dauala.
Bitartean,
abadeok —gehien bat— lehengoari eusten emoten doguz indarrik
gehientsuenak, eta, sarritan, konplexu handiz. Ez dauka abadeak herritarrengan inoiz
euki izan dauan harrera onik; ez dauka lehengo sarrerarik familietan; ez
jako deitzen gaixo edo zahar batengana, eurek (zaharrek) nahi izaten badabe
ere.
Aspaldi
esaten zan gure herria misino-herri bihurtu zala. Baina gauza bat da
esatea, eta beste bat horri dagokion erantzuna emotea.
Gure
Eleizbarrutiak, Gotzaina buru dala, lehengoari eustetik Ebanjelioa
gaurko eran zabaltzeari ekin behar izango leuskio: hizkerea, ezaugarriak,
janzkerak, lekuak, erak… kontuan hartuz. Ekintza honek guztion hausnartketea,
erabagi hartzea eta jarduna eskatzen dau: euren burua kristautzat daukagun
guztiona.
Ez
litzateke esperimentu barri bat egitea; edo frankotiradore baten ekimen
berarizkoa; edo eremu esperimental baten egin daiteken lana.
Gotzainak
herria ezagutzeko eta ha maitatzeko erak eta iturriak izango ditu, eta euki
daukaz. Baina ez litzateke gehiegizkoa izango eleiztarrek ere, euren ardureaz
jabetuta, euren ikuspuntuak, eretxiak eta amesak agertuko baleutsoez.
Sinodo
aldi honetan apartekotasunez bultzatu behar izango litzateke eginkizun hau gure
parrokietan eta era askotako taldeetan, guztiei eleizgintza batera deituz, eta
hau Gotzaina berak buru dala… abadeon baldintza bako baieztapenaz eta ekimenaz.
Mikel Azpeitia
Eleizbarrutiko abadea
2020/02/22