martes, 22 de febrero de 2022

Bere herria ezagutzea eskatzen jako Gotzainari

Gauza asko eskatzen jakoz Gotzainari: sinistun izan diatela, hur-hurreko egin daitela, otoitz-gizona, apala… Azken aldiotan baina, guzti horreik jakintzat emonda, Gotzainak bere herria ezagutu daiala eskatzen da, eta, ezagutuaz, maitatzea.

Asko esatea litzateke, baina honek zera nabaritzen dau: Gure Eleizbarrutiko
azken gotzainek ez dabela agertu herriarenganako eskatzen dan maitasuna, eta hain beharrezko dana (azken urteotan asko erdaldundu da…).

Gure Eleizbarrutian alde nagusi bi nabarmentzen dira: euskal hiztuna eta erdal hiztuna. Gehienen ustez, eleizkizunetatik aldenduen dagoana lehenengoa da.

Zer jazo da euskal hiztun alderdian? Badago esaten dauanik sinistun peto-petoak izan dirala familia asko eta asko, eta horrek bere frutuak emon izan dauzala. Baina, aldi berean, beste familia askotan goitik behera ezarritako erlijiotasuna bizi izan zala, azken aldiotan astun bihurtu arte: eroan ezina. Eta, egoereak lagunduta, erraz jaurti ahal izan dabela bizkarretik buztarri hori.

Herri asko eta askotan —jaio ume gitxi egiten badira ere— ez da bateorik egiten (banakaren bat?); Jaunartzea egiterik uste ere ez; eleiz-ezkontzak aspaldiko gauza dira; eta hileta-kopurua ere beherazka doa ziztu bizian.

Baina guzti horren gainetik da nabarmen jendearen urruntzea. Ez da agertzen eleiztartasunik; herritarrentzat eleizea ez da ezaugarri, edo, gitxiago, jarrai-ikur. Eleizkizunen batera hurreratzen dan jentea hotz agertzen da, ezelan esku hartzen ez dauala, eta han egiten-esaten dana jasaten, haregazko ezelango loturarik agertzen ez dauala.

Bitartean, abadeok —gehien bat— lehengoari eusten emoten doguz indarrik gehientsuenak, eta, sarritan, konplexu handiz. Ez dauka abadeak herritarrengan inoiz euki izan dauan harrera onik; ez dauka lehengo sarrerarik familietan; ez jako deitzen gaixo edo zahar batengana, eurek (zaharrek) nahi izaten badabe ere.

Aspaldi esaten zan gure herria misino-herri bihurtu zala. Baina gauza bat da esatea, eta beste bat horri dagokion erantzuna emotea.

Gure Eleizbarrutiak, Gotzaina buru dala, lehengoari eustetik Ebanjelioa gaurko eran zabaltzeari ekin behar izango leuskio: hizkerea, ezaugarriak, janzkerak, lekuak, erak… kontuan hartuz. Ekintza honek guztion hausnartketea, erabagi hartzea eta jarduna eskatzen dau: euren burua kristautzat daukagun guztiona.

Ez litzateke esperimentu barri bat egitea; edo frankotiradore baten ekimen berarizkoa; edo eremu esperimental baten egin daiteken lana.

Gotzainak herria ezagutzeko eta ha maitatzeko erak eta iturriak izango ditu, eta euki daukaz. Baina ez litzateke gehiegizkoa izango eleiztarrek ere, euren ardureaz jabetuta, euren ikuspuntuak, eretxiak eta amesak agertuko baleutsoez.

Sinodo aldi honetan apartekotasunez bultzatu behar izango litzateke eginkizun hau gure parrokietan eta era askotako taldeetan, guztiei eleizgintza batera deituz, eta hau Gotzaina berak buru dala… abadeon baldintza bako baieztapenaz eta ekimenaz.

Mikel Azpeitia
Eleizbarrutiko abadea
2020/02/22

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.