Mostrando entradas con la etiqueta Derecho a decidir. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Derecho a decidir. Mostrar todas las entradas

lunes, 25 de septiembre de 2017

Demokrazia kontua / Cuestión de Democracia



KATALUNIA: DEMOKRAZIA KONTUA DA ETA ERAGIN EGITEN DIGU
Eutsi Berrituz, 2017-09-20


Kataluniako errealitate politikoa ikusirik, Estatu espainiarra harrapatzen duena, eta biziki eragiten digula pentsaturik, Eutsi Berrituzek bere iritzia adierazi nahi du Euskal Herrian Ebanjelioaren zerbitzuko Elizarekin konprometitutako Gipuzkoako kristau taldea izanik.

Ezer baino lehen arreta jarriko diogu Kataluniako gotzainek 1985ean esandakoari: “Kataluniako Elizako apezpikuak gara, hemengo herrian egindako Elizakoak, eta Kataluniaren errealitate nazionala aitortzen dugu, milurteko historian barrena hezur-mamitua”; herri eta nazioen “eskubideak gauzatzea bideragarria egingo duen egitura juridiko-politiko egokia behar du nazio katalanaren existentziak”; “Estatu batek lortu dezake, antolakuntza on batez, bere barruan nazio ezberdinak elkarrekin bizitzea eta aurrera egitea, inork beste batekin berdindu behar duela sentiarazi gabe”. Eta azkenik zioten: “norabide honetan aurreratu ahal izango da soilik Estatuak hartuko dituen forma politiko-administratiboek ez badute inoiz eragozten herri bakoitza berez garatzea, baizik eta, alderantziz, garapen hori aldezten eta eragiten badute”. Berriagoa da, 2011koa, gotzainen mezua: dagokien aldeen arteko “elkarrizketa eta elkar ulertzea akordio zuzen eta egonkorra iristeko” eta “aukera politiko guztiek dute zilegitasun morala pertsonen eta herrien duintasun ukaezinarekiko begirunean oinarritzen badira eta pazientziaz bakea eta justizia bilatzen badute”. 

Apezpiku katalanen esanek oihartzun egiten dute aita santuen hitzetan. Joan Paulo II.a honela mintzo zen Europako Parlamentuaren aurrean: “europar herri batuek ez dute onartuko nazio batek edo kultura batek gainerakoak mendean edukitzea”; Frantzisko aita santuak beste hau dio: “munduko herriek beren etorkizunaren egile izan nahi dute. Bakean egin nahi dute justiziara daramatzan ibilbidea. Ez dute besteren begiradapean egon nahi ez besteren eskusartzerik nahi non indartsuenak ahulena azpian hartzen duen. Beren kultura, hizkuntza, gizarte-prozesuak eta ohitura erlijiosoak errespetatuak izan daitezen nahi dute”.