Ebanjelioan sakondu, ebanjelioa zabaldu lemapean, 2012.ko garizuman, Bizkaiko Arratian Eliza Katolikoak hitzaldi bi antolatu zituen. Lehena Aratxa Jaka lekaime agustindarrak egin zuen eta “Pausoz, pauso… Pazkotik bizi” izan zuen izenburu; bigarrena Juan Mari Uriarte Donostiako gotzain-ohiak: “Adiskidetzea eta bakea Euskal Herrian” izenburupean. Nor baino nor aproposagoak gaiok azaltzeko, biak ala biak eskarmentu handikoak baitira landu zituzten gaietan. Hitzaldi bi hauek argitaratu dituzte oraingo honetan komentatzen dizuegun liburuxka batean.
Arantxa Jakak aldez aurretik berak ibilitako bideaz mintzatzen zaigu orain eta beti, era apal eta erakargarrian. Expertus potest. Hiru zatitan banatu zuen hitzaldia: lehena “zein da gure helburua, zertarako izan gara eginak?” eta “Bizi, bizitzeko” eratzuten digu; bigarrena: “non, nondik zentzua aurkitu bizitza horri?” eta erantzuna: “Pazkotik”. Gu ere Piztuerarekin lotuta, bidaliak izan gara onginahia azalduko duen urtea hotsegitera (kristauok ez dugu, ez sakonean, ez azalean ere, izan behar Juan XXIIIak desmozorrotu zituen zoritxarren profetak -askotan horrelakotzat agertzen garen arren). Hortixe zuzen datorkigu hitzaldiaren hirugarren zatia: “Zentzunez nola bizi, pazkotik nola bizi bidaliak sentituak garela etsi gabe?”, eta erantzuna: “Pausoz pauso…”. Gizakiok pobreak gara, baina Jainkoaren biziera dugu bidea, Jainkoaren modura begirada positiboa. Eta horretarako Jesusen erakutsi zigun maitasunezko bidea egin eta proposatu behar dugu: maitasunetik bizi, alegia. Garizuman mamitzeko kristautasunerako konbertsioa.
Juan Mari Uriartek gaur modan dugun gaiaz mintzatu zitzaigun: “Adiskidetzea eta bakea Euskal Herrian”, alegia, jakitun bati dagokion modu sistematizatu baten arabera. Benetako adiskidetzea zer den azaldu zuen. Adiskidetzearen oinarriak eta baldintzak. Adiskidetzearen helburuak. Adiskidetzearen zerikusia egia, justizia eta barkamenarekin. Kristau mezua adiskidetzeaz. Elizaren eginkizuna adiskidetzearen alde. Juan Marik adiskidetzearen oinarri teologikoak eta pastoralak azaltzen dizkigu hitzaldi honetan, handik abiatzeko egun-egunean planteatzen zaizkigun ekintza pastoralean.
Liburuxka dugu argitalpen hau, baina mamitsua, erreferentziakoa, dudarik ez. Ur freskoa, bai, baita bolua mugiarazterainoko ur sendoa ere bai. Zoritzarren profetak altxatzen ari diren une honetarako, guztiz beharrezkoa ditugu honelako hitzaldiak, euskeraz, gainera.
Sebastián Gartzia Trujillo. Euskaltzaindikoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.