viernes, 3 de febrero de 2012

Vatikanoko II. Kontzilioa eta euskal musika eta instrumentu tradizionalak



«Txistuarentzat propio idatzitako mezak dira nire ikerketaren perlak»'Vatikanoko II. Kontzilioa eta euskal musika eta instrumentu tradizionalak' ikerketa lanari esker, Jagoba Astiazaran txistulariak Donostiako Orfeoia-EHU saria jasoko du gaur.

 Ane Urrutikoetxea


Euskal Herriko musika tradizionala eta txistua bizirik mantentzen lagundu zuen Elizak 1965an, Vatikanoaren II. Kontzilioarekin. Garai hartan instrumentu tradizionalentzat idatzitako mezak ikertu zituen Jagoba Astiazaran txistulariak (Zestoa, 1986), eta aurkitutako partiturak bildu zituen Vatikanoko II. Kontzilioa eta euskal musika eta instrumentu tradizionalak ikasketen amaierako lanean. Donostiako Orfeoia-EHU saria irabazi du lanarekin, Tolosako Ekinbide Etxearekin batera, eta gaur arratsaldean emango diote saria Donostiako campuseko Ignacio Barriola eraikinean.

Donostiako Orfeoia-EHU saria irabazi duzu. Zer esanahi dauka zuretzat sari honek?

Sari hau berezia da niretzat, ordu asko sartu nituelako ikerketa honekin. Orain arte egin dudan ikerketa bakarra da, eta duela hiru urte amaitu nuen. Hasieran ez nuen argitara emateko aukerarik izan, baina pena handia ematen zidan urteetako lana baztertuta gelditzea, eta sarira aurkeztea erabaki nuen. Gordetako partiturak berreskuratzea izan da nire ikerketaren helburua, eta sari honi esker, berriz ere azaleratuko dira ahaztutako lan horiek.

Zenbateko garrantzia izan du Elizak Euskal Herriko musikan eta txistuan?

Txistua eta Eliza aspalditik datoz eskutik. Europako katedraletan, ikonografia zabala aurki daiteke non txistulariak eta danbolin jotzaileak azaltzen diren, ez zeruan, infernuan baizik. Euskal Herrian, ordea, txistuak presentzia instituzionala izan du, gizartean garrantzia izan duen tresna da. Horrekin batera, Elizak eta txistuak bat egin zuten akordeoiak kanpoko dantzak ekarri zituenean. Ordutik aurrera txistuak garrantzia irabazi zuen Elizaren munduan.

Gaur egun ere, Elizak lagundu al du musika tresna tradizionalei bizirik eusten?

Ez, gaur egun gizartea erabat aldatu da, eta instrumentu tradizionalek ere beren bidea egin dute. Txistua ere aldendu egin da Elizatik: lehen dena zegoen Elizarekin lotua, baina gaur egun indarra galdu du. Dena den, tradizioak oraindik garrantzia duen herrietan oraindik aurki daiteke txistuaren presentzia elizetan.

Zeintzuk dira zure ikerketan aurkitu dituzun elementurik baliotsuenak?

Espero ez nituen gauzak aurkitu ditut ikerketarekin. Esate baterako, banekien txistuak bazuela presentzia elizkizunetan, baina sekula ez nuen pentsatu txistuarentzat propio egindako mezak aurkituko nituela. Horrekin batera, euskarazko mezak aurkitu ditut euskal instrumentuekin osatuta: txalaparta eta panderoarekin. Adibide garbiena Barturen aitaren Euskal meza da. Aurkikuntza horiek dira nire ikerketaren perlak, lanari neurrigabeko balioa ematen diotelako.

Zer aldatu zuen Euskal Herrian Vatikanoko II. Kontzilioak?

Helburu horretarako pentsatua ez egon arren, euskara eta Euskal Herriko tradizioak debekatuak zeuden unean, kultura, hizkuntza eta musika mantentzen lagundu zuen. Kontzilioa 1965ean sortu zen, eliza erakargarriago bilakatzeko. Horrela, mezetan latinaz aparte beste hizkuntzak erabiltzea onartu zuen Vatikanoak, eta baita instrumentu tradizionalak erabiltzea ere. Euskal Herrian, malgutasun hori bereziki aprobetxatu zen.

Sariari esker, ahaztutako tradizioaren puska bat azaleratu duzu. Ikertzen jarraitzeko gogoa piztu al dizu?

Asko gozatu dut ikertzen, nahiz eta lan gogorra izan den. Sari honi esker, euskal musikaren jatorriari bultzada eman ahal izan diot. Ikerketa mundua hobeto ulertzeko atea da, eta gazteok badugu hori estimatzeko ahalmena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.