martes, 9 de octubre de 2012

"Krisiaren aurrean, alkartasuna" adierazpenaren ganean

Bizkaiko Abadeen Foroko Batzorde iraunkorraren Iragarpena
dalako "Ante la crisis, solidaridad" Gotzain Iragarpena dala-eta.
Bilbon, 2012ko urriaren 7an

            "Conferencia Episcopal Española" (CEE) dalakoaren batzorde iraunkorrak, urri honen 2 eta 3an, Madrilen egindako CCXXV. batzarretik "Ante la crisis, solidaridad" izenburudun iragarpena atara dau argitara.

            Dokumento honi herri bitarteko eta eliz bitarteko batzuk emondako garrantzi politikoa eta mediatikoa gogoan izanda, Bizkaiko Abadeen Foroaren Batzorde Iraunkorrak hurrengo gogoetak egin gura dauz:

           

           
1.- Bat gatoz "Conferencia Episcopal Española" dalakoko Gotzainek krisi ekonomikoaz daben urduritasunaz eta alkartasunerako euren deiaz, eta baita horren ondorio larriak ezabatzeko laguntzara egiten daben deiaz. Eskertzen dogu zentzu horretan jasoten daben ahotsaz, ahots hau berandu xamar datorrela uste badogu ere; atseginekoago izango geukean, ha eta guztiz ere, krisi honen eragile estrukturalak eta sortzailerik zuzenenak aitatu balebez, eta ez ondorio hutsak. Karitatea eta Zuzentasuna alkarri esku emonda doazela uste dogu, eta gaurko ekonomi sistema hau berez dala zuzengabekoa, eta, haatik, ez-kristaua, edo baita aurkakoa ere.

2.- Beste une baten zerau dinoe: “propuestas políticas encaminadas a la desintegración unilateral de esta unidad nos causan una gran inquietud”. Zein gogoangarri egiten jakuzan Aita santu Juan Pablo II.ak, 1995eko urriaren 5ean Nazino Batuetako berrogeta hamargarren Batzarnagusi orokorrean esandakoa, Gotzainoi bururatu ere ez jakena: “puede haber circunstancias históricas en las que agregaciones distintas de una soberanía estatal sean incluso aconsejables, pero con la condición de que eso suceda en un clima de verdadera libertad, garantizada por el ejercicio de la autodeterminación de los pueblos”.

3.- Juan Pablo II.aren irakaskintzea gogoangoago izan baleu bere iragarpenean «CEE»ko Batzorde iraunkorrak, behar bada gotzainek beste hauxe azpimarratuko leukeen: batasuna eta aniztasuna politika mailan adosteko legokezan era ezbardin eta zilegizkoak eztabaidatzeko orekazko giroa bultzatzea. Behar bada, beste hauxe ere gogoratuko leukeen: guztiz garrantzitsua litzatekela, bai Erresuma Espainolean eta baita handik kanpo ere, herrialde aberats eta txiroen arteko alkartasun ekonomikoa, eta ez bakarrik (Canadako) Quebecen edo (Erreinu Batuko) Eskozian eskubide arautua dagoela gogoratzea.

4.- Isiluneok dirala-ta, beharrezko joten dogu 2002ko maiatzaren 29an EEAko gotzainek argitaratutako Gutun Pastorala (“Bakea prestatu”) gogoratzea. Han zerau aurkitu geike: «Giza eskubideak errespetatzen dituzten artean eta esparru baketsu eta demokratikoen barruan errotzen eta irauten badute, Elizak ezin ditu (politika aukerak) ez etikak eskatuta berretsi ezta etikaren izenean baztertu ere. Ondorioz, ez burujabetza nahia, ez autogobernu gehiago edo gutxiagoren alde egotea, ez Espainiako Estatuan lotura handiagoz edo txikiagoz integratzea Elizarentzat ez dira, printzipioz, baldintza gabeko baiezkoa eskatzen duten «dogma politikoak» (6zb).


5.- Irakaskintza honen arabera, zerau ulertzen dogu: herritar katoliko guztiak dagozela deituak euren aukera politikoak heldutasunez ehotzera, ezelango eliz babeskeria eta eskuhartzekeria barik, begibistako egoerea gogoan hartuz, bilatzen diren helburuen eta erabilten diren bitartekoen zilegitasuna aztertuz, eredu ezberdinen gauzatzeak lekarrezan ondorioak, eta bakearen eta gure gizartearen berradiskidetzearen helburu nagusia neurtuz. Gustatuko litzakigu jakitea zein jarreragaz datorren bat Mario Iceta jauna: Euskalerriko Gotzainen irakaskintzatik sortutako jarrereaz, ala oraintsu CEEko Batzorde iraunkorrak azaldutako beste honeaz.

6.- Azkenik: uste dogu iragarri beharra dagoela CEEko Batzorde iraunkorraren iragarpenak ez dauela nahi-ta-ezko lokarriz josten eliztar katolikoen burubide moralaren hezkuntzea, pastoal idazki bat dalako, eta ez gotzain guztiek adostutako eta Egoitza Santuak baieztutako dokumentu doktrinala. Haren indarra azalekoa da, eta eskatu  daiken atxekipena, haren sinatzaileek darabilen aburuen ebanjeliotikotasunean eta trinkotasunean datza. Ez dauka beste aginpide doktrinalik. Horrek zera esan gura dau: esku artean darabilgun gai honetan, Euskalerriko Gotzainek 2002an azaleratutako argibideek jarraitzen dabela izaten, gaur eta hemen, gure Elizbarrutiarentzako irakaskintza benetakoa.



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.