Fuente: Berria
Por Markel Olano
24/12/2024
1971ko
urriaren 12an ospatu zen Arrasateko Udalatx mendian Jan Da Lo kuadrillaren
ekimenez bertan ipini zen gurutzearen inaugurazioa. Jendetza igo omen zen,
gazte eta heldu, ogibide eta gizarte-maila askotakoak. Hamar egun lehenago
eraman zuten gurutzea, hamar metro luze eta 250 kiloko zutabea eta besoak, 70
lagunen artean, Udalatx malkartsuan gora. Ikustekoak dira argazkiak. Kontraste
handikoa izan da gurutze horren akabera: talde anonimo batek isilpean moztu eta
desagerrarazi egin du.
Ez da
gure herrian eraitsi duten lehenengo gurutzea; Ernai taldeak bere gain hartu
ditu batzuk, justifikazio honekin: «Eraitsitako gurutze bakoitza askatasunaren
alde eroritakoak oroitzeko ikur bihurtu dugu». Beraz, diskurtso antifaxista
darabilte jokabide hori zuritzeko.
Hala
ere, Udalatxeko gurutzearen kasuan ezin da inondik inora erabili diskurtso
hori, hain zuzen ere frankismoaren azken urte haietan diktaduraren kontrako
mugimenduak lotura handia izan zuelako euskal Elizarekin, eta giro horretan
bete-betean zegoen murgildua Arrasate 1971n. Aurretik ere, 1960an ahotsa
altxatu zuten ehunka euskal apaizek gutun kolektibo batean diktaduraren aurka,
«Euskal Herriaren eskubideen alde», eta euskararen aurkako politikari
«genozidioa» iritziz. Herria zegoelako zen Eliza hura, eta gero, Vatikanoko II.
Kontzilioa bereganatuz euskal Elizak balio sozial eta demokratikoak garatu
zituen eta horrek izugarrizko eragina izan zuen gure herrian.
Garai
hura oso garrantzitsua izan zen gure alderdiarentzat. 1977an Iruñean egin zen
Batzar Nagusian Xabier Arzalluzek bultzatu zuen EAJ ez-konfesional izendatzeko
erabakia. Frankismoak Espainiako Eliza katolikoarekin zuen lotura estua
(nazional-katolizismo kontzeptuak izena ematen ziona), eskarmentu eta txerto
galanta eskaini zion gure herri jipoituari.
Baina
ez-konfesional izateak ez zuen esan nahi kristautasunak bultzatu zituen balio
nagusiak baztertzen zituenik euskal gizarteak, ezta 70eko urteetan ere, nahiz
eta sekulartzen hasi. Justizia soziala, adibidez, Kontzilioaren muinean dagoen
ikuspegia dugu, eta ezin liteke ulertu mugimendu kooperatiboa sentsibilitate
berri hori kontutan ez badugu. Ez da, beraz, antzinako kontua, gaur egungo gure
gizartea justuagoa eta orekatuagoa egiten duten zenbait faktore eta eragileren
jatorria baizik.
Hortaz,
hona paradoxa: 1971n Udalatxen gurutzea ipini zuten gazteek balio demokratiko,
sozial eta abertzaleak zituzten zalantzarik gabe. Benito Lertxundik 1971n
argitaratu zuen kantan bikain ageri dira: «Herria, askatasuna, justizia, pakea,
egia, maitasuna». Zeintzuk dira antifaxistago, beraz, gurutzea ipini zutenak
ala gurutzea eraitsi dutenak? Nik ez dut zalantzarik.
XXI.
mendeko euskal gizartea anitza da eta mendebalde osoa nozitzen ari den kultur
eta balio eraldaketak ari da jasaten. Kontsumismoa eta indibidualismoa
gure-gureak ditugun balio komunitarioak ordezkatzen ari dira eta nire ustez
gure herriaren biziraupenarentzat arrisku handiko prozesua dugu berau. Izan
ere, gure herri txikiak eta euskara hizkuntza gutxituak etorkizuna izango
badute, komunitate sendo baten eskutik izango dute soilik.
Gure
gizartean oso errotuak dauden balio komunitarioek jatorri kristaua dute neurri
handi batean. XX. mendeko kristautasun aurrerakoiak landu zituen berberak hain
zuzen ere. Egia da Eliza katolikoaren zati garrantzitsu batek izaera
erreakzionarioa duela. Egia da Eliza katolikoak bere baitan gertatu diren
gertakari lazgarri asko argitu eta erreparatu gabe dauzkala. Baina ez da zilegi
eta ez da ona, nire ustez, elementu negatibo horiek erabiltzea gure izaeran,
gure identitatean, gure kulturan eta gure ondarean kristautasunak duen aztarna
oro ezabatzeko.
Oso
argigarria iruditu zait hainbat euskal ikastetxetan hedatzen ari den kontsigna
Eguberrietako ospakizunetan erlijio kutsua duten elementu guztiak ezabatzeko.
Berriro ere esango dut Eusko Alderdi Jeltzaleak aspaldi bereganatu zuela izaera
ez-konfesionala, eta beraz gure gizarteko gainerako erakunde publiko eta
pribatuek bide beretik jotzea ez zait batere gaizki iruditzen. Baina ikuspegi
laiko edo ez-konfesionalak ez datoz bat, inondik inora, ikuspegi
antierlijiosoekin. Ikuspegi antierlijioso horrek gure nortasunaren osagarri
funtsezkoei erasotzen die, gure elkarbizitzari kolpe latza ematen dio eta gure
etorkizunari bidea ixten dio.
Nire
iritziz, dogmatismo eta intolerantzia handiegia dago gure gizartea «ezkerretik»
eraiki nahi duten askoren partetik. Gehiegi du pentsamendu bakarretik eta
gizarte kontroletik. Gainetik, ikuspegi horrek indarrak zatitzen dizkigu, gure
herria eraikitzeko eta gure hizkuntza salbatzeko ezinbestekoak ditugun espazio
sozial zabalak murrizten dituelako eta batzuk soilik erabakitzen dituzten
auzietan sortzen direlako liskarrak eta enfrentamenduak. Horrela ez dago
estrategia nazional bideragarria eraikitzeko modurik.
Gure
gizartean eta mendebalde osoan agenda politiko berria hedatu da eta zilegitasun
osoa duten hainbat kausa gure debate publikoa eraldatzen ari dira. Kausa
feminista, klima aldaketari aurre egiteko kausa, desberdinkeria sozialak
gainditzeko kausa, eskuin mutur populistari aurre egiteko kausa... denek merezi
dute gure ahalegina. Baina kausa horietako bakoitza auzi nagusitzat hartzeak
eta, gainera, bere defentsa era dogmatiko eta estremistan egiteak ez dio batere
mesederik egiten kausari berari, hori alde batetik; eta, bestetik, oztopatu
egiten du gure herriaren eta gure hizkuntzaren biziraupenak une kritiko honetan
behar duen zentraltasun osoa. Gaurkotasun betea dute aipatutako kantan Benitok
esandako hitzek: «Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi?». Ez ditzagun
bihurtu gurutze-bide gure herriaren hainbat bidegurutze, eta izan dezagun
indarrak batzeko jakinduria eta gaitasuna. Eguberri on guztioi.