Eutsi Berrituz,
2017-09-20
Kataluniako errealitate politikoa ikusirik, Estatu
espainiarra harrapatzen duena, eta biziki eragiten digula pentsaturik, Eutsi
Berrituzek bere iritzia adierazi nahi du Euskal Herrian Ebanjelioaren
zerbitzuko Elizarekin konprometitutako Gipuzkoako kristau taldea izanik.
Ezer baino lehen arreta jarriko diogu Kataluniako
gotzainek 1985ean esandakoari: “Kataluniako Elizako apezpikuak gara, hemengo
herrian egindako Elizakoak, eta Kataluniaren errealitate nazionala aitortzen
dugu, milurteko historian barrena hezur-mamitua”; herri eta nazioen “eskubideak
gauzatzea bideragarria egingo duen egitura juridiko-politiko egokia behar du
nazio katalanaren existentziak”; “Estatu batek lortu dezake, antolakuntza on
batez, bere barruan nazio ezberdinak elkarrekin bizitzea eta aurrera egitea,
inork beste batekin berdindu behar duela sentiarazi gabe”. Eta azkenik zioten:
“norabide honetan aurreratu ahal izango da soilik Estatuak hartuko dituen forma
politiko-administratiboek ez badute inoiz eragozten herri bakoitza berez
garatzea, baizik eta, alderantziz, garapen hori aldezten eta eragiten badute”.
Berriagoa da, 2011koa, gotzainen mezua: dagokien aldeen arteko “elkarrizketa eta
elkar ulertzea akordio zuzen eta egonkorra iristeko” eta “aukera politiko
guztiek dute zilegitasun morala pertsonen eta herrien duintasun ukaezinarekiko
begirunean oinarritzen badira eta pazientziaz bakea eta justizia bilatzen
badute”.
Apezpiku
katalanen esanek oihartzun egiten dute aita santuen hitzetan. Joan Paulo II.a
honela mintzo zen Europako Parlamentuaren aurrean: “europar herri batuek ez
dute onartuko nazio batek edo kultura batek gainerakoak mendean edukitzea”;
Frantzisko aita santuak beste hau dio: “munduko herriek beren etorkizunaren
egile izan nahi dute. Bakean egin nahi dute justiziara daramatzan ibilbidea. Ez
dute besteren begiradapean egon nahi ez besteren eskusartzerik nahi non
indartsuenak ahulena azpian hartzen duen. Beren kultura, hizkuntza,
gizarte-prozesuak eta ohitura erlijiosoak errespetatuak izan daitezen nahi
dute”.