Asko hitz egiten ari da aspaldi honetan Euskal Herriaren iraganaz eta
gertatu diren giza eskubideen urraketez. Eta egia-batzorde baten
beharraz.
Egia-batzordeak, ordea, eduki eta forma oso desberdinak
izan ditu historian zehar hura erabili duten herrialdeei begiratuz
gero. Eta normala da, azken buruan horrelako erakunde bat bai edukiz bai
formaz ad hoc, hau da, kasuz kasu, taxutu behar baita, herri
jakin baten arazoei ekiteko. Hortaz, gure herrian gertatu direnen
aurrean nolako egia-batzorde beharko genuke?
EDUKIA.
Espainiako Estatuan giza-eskubideen urraketak zatika eta banaturik
arautu dira. Zatika, urraketa guztiak kontuan hartu ez direlako:
adibiderik argiena, Estatuaren indarkeria osatzen duten urraketak
—torturaren bitartez, poliziaren gehiegikerien bitartez, talde
parapolizialen bitartez, inkontrolatu zein terrorismo-taldeen bitartez,
espetxe barrukoak…—. Zatika, 1977ko amnistiek hainbat urraketa
estalpean utzi dituztelako. Baina zatika ezezik, banatutako eran,
«lastertasun» ezberdinez sustatu dira aurre egindako urraketen
tratamendua: horra hor, batetik, Terrorismo Biktimen Legea (29/2011
Espainiakoa eta 4/2008 Euskadikoa), eta, bestetik, Memoria izenekoa
(52/2007 Legea). Bietan hildakoak, zaurituak eta oso urraketa larriak
izan arren, estandar juridiko eta erantzun desberdinak izaten ari dira.
Hitz gutxitan: berdina desberdin tratatzen da.
Horren aurrean
egia-batzordearen goiburua, lehenengoa, zera izan beharko litzateke:
larritasun berbera duten urraketa guzti-guztien tratamendua bateratzea.
Eta bigarrenik osotasuna egiten joatea, ofizialak ez diren urraketak
argitara ateratzen. Horrek eskatzen du, eta larrienetatik hasita,
bizitza-eskubidea (hildakoak), osotasun fisikoa eta psikikoa
(lesionatuak), edo askatasuna —sexu-askatasuna zein mugitzeko askatasuna
batik bat— modu larrian jasan duten urraketa guztien egia azalaraztea:
hots, funtsean, ETAk hil, bahitu eta lesionatutakoak; Estatuak hil,
bahitu eta lesionatutakoak. Horiek izan behar dira, gure gizartearen
aurrean aurrez aurre begiratzeko moduan eta zalantza barik jakiteko
moduan argitu behar direnak.
MODUA. Egia ateratzeko modua,
ordea, egokia behar da izan. Ezin da edozelan egin. Prozesuan dago,
lehenik eta behin, gakoa. Gertatu denaren irudi osoa, sinesgarria eta
denona izan beharko litzateke helburua. Oraindik ere baten bat baldin
badago kontu hauekin politika txikia egiteko gogoz, jarreraz edota
jardunez, lan honetatik kanpo gelditu beharko litzateke herriaren
onerako. Bukatu da norberaren ondare ideologikoaren aldeko egia-lana
egiteko aldia: hura lehenago bukatu beharko zitekeen giza-eskubideen
kultura behar bezala eta maularik gabe barneratuta izan bagenu. Dena
dela, orain egia-batzordea eraikitzea eta bultzatzea herri-gai bilakatu
beharra dago, kultur politiko guztien ondare. Hori lortzea, ordea, ez
dator zerutik: prozesua sortu eta babestu beharra dago.
Urraketa
larrien mapa sinesgarria eta denona sortzeko bi baldintza bete behar
dira lehenengo fase batean: bata, gobernua —bai Eusko Jaurlaritza, bai
Aldundiena, bai gaurkoa, bai etorriko dena— kanpo gelditu behar da.
Gobernuek ez dute familia ideologiko guztiak ordezkatzeko egokitasunik.
Bultzatu beharko dute egia-lana, finantzatu beharko dute egia-batzordea
edo nahi den izenez funtzio hura betetzen duen erakundea. Baina ezin du
batzorde horren barruan kontrola eduki. Orain arte Eusko Jaurlaritzak
ibilbide bat egiten joan dira, ETAren biktimekiko funtsean. Estatuaren
biktimekiko, ordea, ibilbidea hastapenetan dago. Dena dela bietan
formula berbera saiatzen ari da: gobernuak bultzatzen du eta
ahalegintzen da Legebiltzarraren sostengua ahalik eta zabalen lortzen.
Formula horrek daukan ahulezia nagusia bada lana ezin dela babestu
politikariek setakeriaz hura erabili nahi dutenean. Horregatik heldu da
formula-aldaketa egiten hasteko. Gobernua ibilbidearen lidergotik kanpo
gelditu behar da giza-eskubideen politikak, biktimen politikak eta
bereziki «egiaren osagaiak» erabakitzerakoan. Eta, orduan, nor
arduratuko da?
Hemen, bigarren baldintza: ideologia-familia
guztien artean autoritatea duten pertsonek osatu behar dute batzordea.
Eta autoritateak esan nahi du sinesgarriak izango direla egia
bilatzerakoan. Bitan pentsatu beharko lukete gure politikariek zein
puntutaraino memoria-zentroak eta antzekoak sortzeko moduan gauden,
sortzeko unean denon edo ia denon kontsentsua ez badute. Zentro horiek
ez badute jende anitzaren konfiantza, borroka politikoa elikatzeko
balioko dute, ez ordea gai minberotan lokarriak askatzen joateko.
Hortaz, lupaz bada ere, bilatu beharko dira pertsona egokiak, alderdi
politikoetatik at, sen onez eta modu independentean, giza-eskubideen
arauei bakarrik men eginez lan egingo dutenak. Kosta ahala kosta
autoritatedunak bilatu eta topatu beharko ditugu, herri txiki honetan
denok elkar ezagutu arren eta denok nonbaiten «kokaturik» egon ei arren.
Batzuetan,
aurrera egiteko gelditu beharra dago. Orain arte egin den lana biktimen
alorrean ez da hutsala izan. Baina egoera politikoaren aldaketak are
argiago uzten ari da beste moldea behar dugula: alegia, egia-batzordea.
Erakunde berri honek, hortaz, orain arte egindakoa jasota —aterako diren
Dekretuena barne horien edukia duina bada— egia ateratzeari
lehentasuna eman beharko lioke, ahalik eta herriaren gehiengo oso
zabalak esan ahal izan arte: «Hauxe da giza-eskubideen urraketek osatzen
duten mapa». Hori lortzen ez badugu, orain arteko eztabaida sektarioari
kateaturik jarraituko dugu, hildako eta lesionatuak elkarri
aurpegiratuz. Egia-batzorde on batek, ordea, egia prepolitikoa sortzeko
zimentarria izango genuke, atzean gobernua eta legebiltzarra lagun,
baina interferitu gabe. Indarkeria eta politika ezberdintzeko hainbat
aldiz eskatu duguna ez al da garaia ideologia-familia guztiek haien
buruei eskatzeko? Erronkei eusteko jaioak garen euskaldunok ez gara ba
gauza izango?
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.