Bakearen eta
adiskidetzearen alde bosgarren urtez egiten dogu Ziortzako otoitzaldia, IV. eta
V. bikarietako parrokiek deituta. Aurten inoiz gertatu ez dana gertatu da, gure
gotzaiak bera hara joateko baldintza moduan jarri dau otoitzaldiaren gogoetaren
zati batzuk aldatzea. Gure bikarioak lurraldeko batzarrean abade eta laikoei esandakoaren
arabera, holan aberastu egiten zan testua.
Bikarioaren esanetan
biktima guztiak ezin dira maila berean jarri. Hori dala-eta, gogoetaren zati
batzuk kendu egin ziran, eta otoitzaldi osoan aipatu ere ez ziran egin presoak,
torturatuak, bide bazterretan isilean lurperatuak…
Adiskidetzearen bide
luze honetan biktimak dira kapitulu garrantzitsua, baina ez bakarra. Biktimak
tratetako orduan ere kontuan hartu behar dira giza eskubideak eta estatu
demokratikoa. Eskubide bat apurtu denean, biktimen artean asimetriak eta graduak,
lehen mailakoak eta hirugarren mailakoak jartzen direnean, bardintasunaren printzipioa
apurtzen da, holan egiten da diskriminazioa. Adibidez ezin dira eskubide, keinu,
politika, justizia, egia, erreparazio eta gure kasuan, fededun lez, otoitz ezbardinaz
tratatu hildakoak, ETAk, GALek edota arrazoi politikoz Estatuak hil dituelako. Banatu
ezina banatzen badogu, onartu ezina diskriminatzen badogu, ze adiskidetze gabiz
eraikitzen? Gure otoitza printzipio moral orokor hutsetan geratzen bada, ze
ekarpen egingo deutsagu gure herriaren adiskidetzeari?
Eta presoak? Honeek
ere ibilbidearen bazterrean geratu ziran, ahaztuta. Gaur egun motibazio
politikoz 500 preso baino gehiago dagoz, ETAren terrorismoaz salatuak. Kantidade
esanguratsu batek ez dau inoiz odolik isuri, eta, kasu batzutan, delito bakarra
ezker abertzalearen inguruko politak defendatzea baino ez da izan. Ez da bardina
gartzelan egotea hiltzeagaitik edo ideia batzuk defendatzeagaitik, gustatu ala
ez ideiok. Eta badira, baita ere, inon aipatzen eta ez dagozen presoak, Estatuaren
menpeko uniformedun, terrorista, kontralatu bako edo paramilitarrek, 200
hilketa baino gehiagoren egileak, non dagoz? Presoen humanidade eta
bergizarteratze printzipioak ukatzea, edo ez aipatzea, ez al da demokrazia
ukatzea, ez al da ebanjelioaren deia? Torturatuak ez aipatzea, gerra zibilean
hildakoak, (elizeak ere urte luzez bere seme batzuk ahaztuz eta besteak
beatifikatuz) ez dira hutsune nabarmenak?
Hona nire gogoeta
batzuk, zapatuan, Ziortzako bidean ahaztu genduzan pertsona batzuen gainean.
Jose Mari Kortazar
Arratian abade
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.