viernes, 11 de octubre de 2013

Tarragonako beatifikaziñoak: Maritiriak alderdi bietan egon ziran



Bizkaiko Abadeen Foroko Batzorde iraunkorra eta  Bake ta adiskidetze komisiñoa. 
 
Urriaren 13an, Tarragonan, 523 pertsona ( 2007an beste 498 izan ziran) guda zibileko martiritza ohorea hartuko dabe, altaretan jarriaz. Ez dago zalantzarik  martiriak dirala, euren sinismena defendatzearren hil ebezelako. Baina ez al da  alderdi galtzailean maritiririk egon? 

Hirurogeita hamabost urte geroago, Eliza katolikoko jerarkiak zauriak zabalik mantendu nahi dituala dirudi alderdi bateko biktimak bakarrik ohoratuaz. Beste alderdikoek ere ez al eben antzeko martiritza jasan? Ez al dabe frankistek hildako martiriek beatifikatuak izateko aukerarik?

 
 Hari honetatik gogoratu nahi dogu Bilbo, Gasteiz eta Donostiako gotzainek, frankistak hildako 14 abade gogoratuaz, Gasteizko katedralean egingo zan ospakizuna dala-ta, 2009ko ekainaren 30ean, "Gomuta araztu, egia ezagutzera emon, parkamena eskatu" goiburupean idatzitakoa:  

XX. mendean Espainian izandako 498 martiriren beatifikazioa egin zen, 2007ko urriaren 28an,  Erroman. Haietako batzuk jatorriz gure elizbarrutietan sortuak ziren. Egokiera hartaz baliaturik –baita lehenago eta geroztik ere–, gogorarazi izan digute, 1936. eta 1937.urteetan hamalau apaiz –hauek ere gure elizbarrutietakoak– hil zituztela gerra irabazi zutenek. Apaiz haiei ez zitzaien egin zegokien hileta-elizkizunik, eta kasu gehienetan ez zen haien heriotza erregistratu ere Elizbarrutiko Aldizkari Nagusian. Bilbo, Donostia eta Gasteizko Gotzainok arretaz entzun dugu zuzendu diguten eskaria, onartu ditugu arrazoiak eta bidezkotzat jo dugu egiteke dagoen eginkizun hau betetzea. 

 Guk, geure elizbarrutietako kristau-elkarteekin batera, “oroimenaren garbiketaren”  ekintza burutu nahi 
(Guda civil haretan) ehunka lagun exekutatu zuten, gorrotoaren eta mendekuen biktima. Denen oroipena eginez, adierazpen honek hau du helburu: garaileek hilak eta isilpera baztertuak izan ziren apaiz haiek bereziki gogora ekartzea. Honako hauek dira zehazki : Martin Lekuona Etxabeguren, Gerbasio Albizu Bidaur, Jose Adarraga Larburu, Jose Ariztimuño Olaso, Jose Sagarna Uriarte, Alejandro Mendikute Lizeaga, Jose Otano Migelez C.M.F., Jose Joakin Arin Oiartzabal, Leonardo Guridi Arrazola, Jose Markiegi Olazabal, Jose Ignazio Peñagarikano Solozabal, Zelestino Onaindia Zuloaga, Jose Iturrikastillo Aranzabal eta Roman de San Jose Urtiaga Elezburu O.C.D. 

 Hauek ez zuten izan hileta-ospakizun jendaurrekorik. Elizbarrutiko Aldizkari Nagusian eta hildako apaizen erregistroan lehenengo bien izenak bakarrik datoz, eta biak Mateo Mujika gotzain jaunak Elizbarrutitik derrigorrez alde egin aurretik hildakoak ziren. Dagozkien parrokietako liburuetan ere ez dago hauen heriotzaren arrastorik“.  

 Akaso hildako abade honeik ez al ziran izan martiriak? Akaso Jainkoaren begien aurrean batzuk besteak baino zuzenagoak dira? Hau al da, gotzainek esaten daben lez, gizatasunerako eta adiskidetasunerako ekintza bat?

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.