miércoles, 13 de marzo de 2013

Eskerrik asko, Jose Antonio Pagola

"Eutsi Berrituz" Gipuzkoako Kristau Taldeak bere poza azaltzen du eta zorionik beroenak ematen dizkio Jose Antonio Pagola apaizari, "Jesus, hurbilketa historikoa" beraren liburu mardulaz Erroman Fede Doktrinarako Kongregazioak eman duen ebazpenagatik. Ez genuen besterik espero, liburuak dioenagatik beragatik eta nazio askotan egiten ari den on handiagatik. Horrela, Espainiako zenbait gotzainek eta teologok Pagolari aurpegiratu zioten "heretiko" izatea ezeztatu egin du eta haren izena garbitu.

Baina nahigabe handi hartu dugu, prentsaren arabera Donostiako Gotzaindegiak, Munilla gotzaina arduradun nagusi duelarik, esan duenagatik: zalantzan jarri omen du Kongregazioak Pagolak erabilitako metodologia, "imprimatur" eman ez diolako.
 

Pagolaren obra ikerkuntza zehatz eta sakonaren emaitza izanik ez du "imprimatur" delakoa izan beharrik. Gainera, egiazko "imprimatur" obra hori irakurri duen milaka lagunek eta obra honek egin dion ona aitortu duen fededun askoren "sensus fidei" delakoak emana dio, baita bere garaian Donostiako gotzaina zen Joan Maria Uriartek ere.

Komunikabideetan azaldu dena ikusiz badirudi Donostiako Gotzaindegian ez dela ontzat hartu Erromako ebazpena. Ez gara gehiegi harritzen, izan ere jakin badakigu Pagolaren obrari urte hauetan egin zaion erasoaren hasieran eragileetako bat Jose Ignacio Munilla gotzaina bera izan zela.

Elizbarrutiko apaiz bati Erromak emandako oniritziarengatik zorionak eman ordez eta Jose Antonio Pagolari bere lan bikainagatik eskerrak eman ordez, gauza nahasi besterik egin ez duela iruditzen zaigu eta susmo txarrak sustatu.

Beraz, eskabide hau egiten diegu Jose Antonio Pagolaren obra gaitzetsi zuten Gotzainei eta teologoei: Zuzen dezatela publikoki beren jarrera eta Erromako erabakiarekin bat letorkeen azalpena egin dezatela.
Penagarria da benetan horrelako liskar eta eztabaidetan ibiltzea, Jesusek egiten digun deia entzun ordez eta haren Ebanjelioari jarraituz Jainkoaren Erreinuaren alde elkarrekin lan egiten saiatu ordez.

Eutsi Berrituz kristau taldea
Donostiako elizbarrutia/Diócesis de San Sebastián
Gipuzkoa, 2013ko martxoaren 11a.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Identifícate con tu e-mail para poder moderar los comentarios.
Eskerrik asko.